Ainhoa Oiartzabal Azketa.
HIZPIDEAK

Eraikuntzaren mugak

2017ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Eraiki aditzak adiera positiboa dauka. Proiektu, ideia, asmo bati lotuta erabili ohi da. Gurean, etxebizitzari buruz aritzean, maiz erabili izan dugu eraiki aditza. Hainbat etxebizitza berri eraiki direla esateko erabiltzen zen lehen; gaur egun, ordea, sektorearen susperraldia txikia izango dela esateko hartzen dugu ahotan eraikuntza hitza.

Izan ere, 2008an lehertu zen krisi ekonomikoak gogor jo zuen sektorea da eraikuntzarena; harrezkero, haren pisua %61,5 jaitsi da ekonomian. Beste datu batzuekin esanda: 2008tik galdu diren hamar enplegutik lau sektore horretan galdu dira. Eta ez dirudi berreskuratuko direnik.

Baina ia neurri gabe hazi zen sektore baten gainbehera ez al zen, bada, aurreikusteko modukoa? Mugarik gabeko hazkundea izango zuen bezala jokatzea —edo jokatzen uztea— nahikoa arduragabea izan zen. Eta mozkorraldi hark ekarriko zituen ondorioak askotarikoak izan dira: ez soilik sektorea txikitu eta enplegua gutxitu delako, baizik eta orduan sustatutako hainbat politikaren bidetik etxebizitza bat izateko eskubidea ez dagoelako bermatuta oraindik.

Izan ere, gazteen soldata txikia zein demografia apala aipatu dituzte sektorearen susperraldi handirik ez espero izateko arrazoi gisa. Hau da, batetik, herritar gutxiagok beharko dutela etxebizitza berriren bat bertan bizitzeko; baina, bestetik, gazteek diru iturri nahikorik ere ez dutela badiote. Hots, sektorea krisian egonagatik ere, etxeak, berriak batik bat, ez daudela eskuragarri egungo poltsikoentzat.

Etxeen zaharberritzea aurkezten dute egoeraren alternatiba gisa, herritarrari aterpea eta langileari beharra emateko aukera gisa. Oraingoan, ez dadila izan airean eraikitako alternatiba bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.