HIZPIDEAK

Presio konplizea

Jon Ordoñez Garmendia -

2018ko martxoak 28
Ez du erraza Espainiako Gobernuak 2018ko aurrekontuak onartzea, eta ez du erraza EAJk orain aurrekontuak babestea. Bataren zailtasuna eta bestearena alderatu egin daitezke, eta eskutik doazela ere esan daiteke. Jeltzaleek Katalunian 155. artikulua indargabetzea eskatzen dute, baina azken egunetako gertaerak ez doaz bide horretan. Elkar ulertzeko ezintasunaren aurrean, baina, balizko akordio baten kasuan eta gerria mugitzeko bakoitzaren gaitasunari erreparatuz, ukaezina da errazagoa dela azken orduan EAJk iritzia aldatzea, pragmatismo hutsagatik bada ere, Rajoyk aldatzea baino.

PPk bi jokaldi egin ditu egun batean EAJri fitxa mugiarazteko: EAEko aurrekontuen aurka jo du, eta pentsio txikienak %3 igotzea proposatu du Espainiako aurrekontuetan. Presioa egiten ari zaizkie jeltzaleei, eta EAEko funtzionarioen soldata igoera eta pentsiodunen kaleko aldarria jarri ditu mahai gainean, biak ere boto-emaile poltsa garrantzitsuak edozein gobernurentzat. Presio konplizea da horregatik, akuilu eta lurreratze pista aldi berean, gaur egun aurrekontuak ez babesteko zailtasun dena bihar babesteko erraztasun izan baitaiteke, gerria mugitzeko aitzakia.

Espainiako Gobernuak ez du erraza aurrekontuak onartzea, baina badaki EAJri bidea erraztu ahala are eta errazagoa izango duela horiek aurrera ateratzea. Erraztasunean ere eskutik doaz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna