Ainhoa Oiartzabal Azketa.
HIZPIDEAK

Agintetik boterera?

2017ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Hainbatek espero zutenaren kontra, Pedro Sanchez aukeratu dutePSOEko idazkari nagusi alderdiko militanteek. Sanchez garaile ez izatea espero zuten horien artean daude Espainiako hedabiderik handienak, eta Espainiako Gobernua bera. Izan ere, Mariano Rajoyren inbestidura babestearen kontrako jarrera hartu eta mantendu zuen PSOEko agintaria izan da Sanchez —orain, ikusi egin beharko da hari gobernua ez emateko Sanchezen asmoek aurrera egiten ote duten Espainiako Kongresuan—.

PSOEren barnean ere hainbatek espero zuten, edo desio, Sanchezek ez irabaztea. Hala, kostatzen ari zaie emaitza onartzea. Batik bat, alderdian zein Espainian urte askotan botere dezente izan duten eta jada establishment-aren partaide diren alderdi sozialistaren betiko kideei. Alderdiko militanteen erdiek baino gehiagok Sanchezen aldeko boza eman duten arren, hutsegite iritzi diote aukeraketari. Espainiarentzat ziurgabetasuna areagotu egin dela diote.

Konstatazio bat da esatea Espainian ziurgabetasuna dagoela. Ustelkeriak ustelduta eta Europa mehatxuka, ongizate gizartea ez dago batere ziurtatuta. Murrizketa batzuk jada betikotuta, ikusteko dago zer gehiago etor daitekeen norabide berean.

Beraz, normala da egoera kezkagarri hori aldatzeko borondatea agertu duen lider bat gailentzea alderdi sozialistan— besteak beste, Hemen dago ezkerra leloarekin aritu du Sanchez alderdi barruko lehian—. Besterik da, ordea, gauzak aldatzen saiatzeko aukera izango ote duen. Agintea ez ezik, boterea izango duen. Zeren eta, ziurgabetasunez beteriko Europa honetan, benetako boterearen interesak oztopatzen ez dituzten agintariek baitute egonkortasun pixka bat. Mariano Rajoyk, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.