Ainhoa Oiartzabal Azketa.
HIZPIDEAK

Torturari hitza jartzen

2017ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Atzo izan zen torturaren biktimen babeserako nazioarteko eguna. Baina, halako beste egunetan ez bezala, atzo torturaren gaia ez zen izan herritarren hizketagai nagusia. Eta ez albisterik edota datu berririk ez zelako izan: batetik, Espainiako Torturaren Prebentziorako eta Salaketarako Koordinakundeak 2016an Espainian eta Hego Euskal Herrian bildutako tortura eta tratu txarren berri eman baitzuen — 12 tortura kasu zenbatu zituzten iaz Hegoaldean—; Eusko Jaurlaritzak, berriz, 1960 eta 1978 bitartean eginiko botere abusuen edo legez kanpoko polizia indarkeriaren biktimen txostena aurkeztu zuen. 187 pertsonari aitortu die giza eskubideen urraketen biktima izatea; %36k tratu txarrak edo torturak jasan zituzten.

Bi txosten horiek berri iturri berbera izan dute oinarri: torturak jasan dituztenen salaketak. Batzuk duela urte asko eta besteak duela hilabete gutxi jazo direnez, kasu horien berri izateko beharrezkoa izan baita protagonisten hitza. Gainera, Jaurlaritzarentzat txostena egin duen lantaldeak berebiziko garrantzia eman die testigantzei.

Urte asko igaro dira duela 40-50 urte poliziak eginiko giza eskubideen urraketa horien biktimen aitortza iristeko. Eta badakigu urte horietan guztietan herritar gehiagok jasan zituztela abusuak. Gauza bera esan daiteke iazko kasuei buruz; publikoki salatutako kasuak soilik baitira jasotakoak.

Datuek eta historiak erakusten dute badela garaia torturari adarretatik heltzeko. Nazio Batuen Erakundeak eman zituen atzo torturaren kontrako gomendio batzuk; atxilotuari mediku azterketa independente bat egitea, kasurako. Bada garaia, torturatu dituztenen testigantzak jasotzearekin batera, gehiago ez gertatzeko pausoak emateko. Tortura hitza erabiltzeari uzten hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.