Ainhoa Oiartzabal Azketa.
HIZPIDEAK

Herritarren ahotsa

2017ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Legezko erreferendum bat ez delako, bermerik gabekoa delako... urriaren lehenean Katalunian egin asmo duten galdeketa ez dutela gustuko diote ezkerreko hainbat politikari eta intelektual kataluniar zein espainiarrek. Hala, ez diete erabateko babesa eta sostengua adierazi azken egunotan Kataluniako Parlamentuak eta Gobernuak hartutako erabakiei. Ikusteko dago soka horretako udal ordezkariek utziko ote duten galdeketarako beharrezkoa den azpiegitura erabiltzen.

Erreakzio horiek ez dira garai honetako gertaera politikoen mailakoak. Aldaketa hitza hitzetik hortzera darabilten politikariek ezin diote ez ikusiarena egin Katalunian eta Espainiako Estatuan sortu den aldaketarako benetako abaguneari. Baina batik bat zaila da ulertzen besoak gurutzaturik gelditzea estatu aparatu guztiak bat hartuta ari direnean, zer eta herritarren erabakitzeko eskubidea galarazten. Eta ez hori bakarrik: demokraziaren oinarriei ari zaizkie erasaten. Zer da, bestela, komunikabide batera Polizia bidaltzea eta haren zuzendariaren lan tresnak eramatea?

Agintari ustelak kanporatzeko ez ezik, herritarrei ahotsa ematearren ere sartu omen ziren erakundeetan. Bada, Kataluniako hainbat herritarrek ozen hitz egin zuten atzo El Vallenc astekariaren egoitzaren atarian, Guardia Zibila aurrez aurre zutela: «Votarem!». Entzungo al dute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.