jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Ikasgeletako geografia

2018ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Nahikoa da ikasgela askotako ikasleen zerrenda hartzea. Betiko, ohiko eta begi-belarriei ezagunak zaizkien izenez gain, izen berriak ageri dira, ikasleen gurasoen eta, kasu batzuetan, ikasleen beraien jatorriaren eta kulturaren erakusgarri. Nortasun ikur. Izenak eta izanak. Mundua alderik alde zeharkatu daiteke ikasgela askotako geografian. Herrialdez herrialdeko bidaiaz gain, klasez klasekoa ere egin daiteke ikasgela batzuetan, asko edo zerbait daukatenak, gutxi edo ia ezer ez daukatenekin elkartzen baitira.

Ikasleen edota gurasoen jatorrien aniztasuna aberastasuna da. Ikasleen egoera sozioekonomikoen aniztasuna lagungarria da gizarte kohesiorako. Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformaren arabera, ordea, eskola segregazioa aspaldiko arazoa da hirian, eta egonkortzen ari da.

Eskolak, ikasgelak, gizarte txikiak dira gizartearen barruan. Gizartearen isla eta kohesiorako tresna izaten saiatu beharko lukete. Ez errealitate artifizialak edo paraleloak. Burbuilak. Eta horretarako, ikastetxeen eta sareen artean orekatu egin behar dira desorekak, ikasleen behar bereziak eta kargak. Bestela, administrazioak gizarteari esan beharko dio gizarte desorekatu bat erreproduzitzea onartzen duela eta desorekak betikotzeko lehen urratsak egiten ari dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.