mikel p ansa
HIZPIDEAK

Nork norekin

2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Iazko urtarrilean aurkeztu zuen bere azken liburua Jose Elorrietak, eta titulu argia eman zion BERRIAri elkarrizketan: «Ez badago ezkerretik indar metaketa bat, ez dago prozesurik». EAJk ez zuela Maltzagaraino joateko asmorik, eta, hura gabe, ELAk eta LABek, subiranismo sozialaren bidetik, burujabetzarako prozesu bat elkarrekin abiatu behar zutela defenditzen zuen. ELAk eta LABek, urtean zehar, eta beren kongresuetan, zimenduak jarri zituzten aliantza hori gauzatzeko. Ekainean, Eusko Legebiltzarrean, «alde bakarreko burujabetza prozesu bat» abiatzeko eskatu zuten bi sindikatuek. Hego Euskal Herrian ez, baina Katalunian hasi zen alde bakarreko prozesu hori, eta emaitza begien bistan dago azkeneko asteotan. ELAren eta LABen arteko aliantza, berriz, zintzilik dago. Azken hilabeteetako ekintza batasuna hausteko zorian gelditu da, LABek Eusko Jaurlaritzarekin hezkuntzan izenpetutako akordioen ondoren. Ekaitza dago bi sindikatuen artean, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak egunotan argitaratutako gutunean lerro artean irakurtzen denez. EAJrekin Maltzagairano joateko aukerak aztertu nahi ditu, bitartean, EH Bilduk —hori ondoriozta liteke Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean egin duen diskurtsotik—. Euskal Herriaren subiranotasunaren aldeko indarren artean diagnostikotik bertatik hasten dira diferentziak; nork norekin zer egin behar duen ere ez dute berdin ikusten. Eta nondik hasi ere jakin ezean, nekez helduko dira urrutira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.