inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Ospa

2018ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Ba omen da Guardia Zibilaren txosten bat dioena Alde Hemendik kanpaina ETAk zuzendu zuela, agenteen gaineko presioa areagotzeko. Hortik sortu ziren —betiere, txosten horren arabera— Ospa eta antzeko beste mugimendu batuk.

Txosten horretan oinarritu dira Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren Altsasuko zortzi gazteei 375 urteko kartzela zigorra eskatzeko, «terrorismoa» egotzita. Nolabait, sinetsarazi nahi dute armei agur esana zien erakunde bateko kide —edo, behinik behin, haren meneko— direla zortzi gazteak, haiek deus jakin gabe, noski. Bestela, nekez ulertuko baitzen taberna bateko liskar batengatik halako zigor izugarriak eskatzea.

Eta horrek berak erakusten du zer dagoen Altsasuko auziaren azpian. Hau da, jazarpen politiko eta ideologiko bidegabe bat, frogetan ez baizik eta aurreiritzi eta usteetan oinarritua. Epaiketaren hasieran deklaratu duten zortzi gazteek ukatu egin dute zerikusirik izatea Alde Hemendik edo Ospa mugimenduekin. Hala izango da, jakina, baina horietako kide izango balira zer? Ez al da posible, zilegi eta bidezkoa, modu baketsuan, guardia zibilek eta Espainiako indar armatuek Euskal Herritik alde egin behar dutela pentsatzea edo ideia horrekin bat egitea? Herri honetan milaka eta milaka dira —Altsasuko gazteak jaio baino askoz lehenagotik, gainera— ideia horrekin bat datozenak, eta altsasuarrei horixe ordainarazi nahi diete, horren batere errurik ez edukita ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.