inaki petxarroman
HIZPIDEAK

'Aquarius', Valentziara

2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Valentzian porturatzea eskaini diete Aquarius itsasontzian harrapatuta dauden 629 immigranteei Espainiako eta Valentziako agintariek. Esker oneko keinu humanitarioak, zeresanik ez, itxaropen izpi bat piztuko du euren bizitza Mediterraneoan usteltzera zihoala ikusten zuten ume, emakume eta gizonentzat.

Italiaren eta Maltaren jarreraz zer esan? 629 pertsona modu horretan abandonatzeak erakusten du zer bihurtu den behinola munduaren aurrean bere burua giza eskubideen bermatzaile gisa agertzen zuen Europa hau.

Alabaina, bidegabea litzateke arazoaren errua Italiari bakarrik leporatzea. 2017an Europara iritsi ziren 171.635 etorkinetatik %70 Italiak jaso zituen. Aspalditik ari ziren hango agintariak Brusela ohartarazten kolapso batera iristen ari zirela, eta Europako Batasunak entzungor egin dio Erromari. Horrek ere erraztu du Lega Norderen moduko alderdi xenofobo batek gobernua hartzea. Arazoa Italiatik askoz harago doalako. Frantziak eta Austriak poliziaz eta harresiz bete dituzte Italiarekiko mugak. Alemaniak eta Eskandinaviak tapoi gisa erabili dituzte Hungaria, Polonia, Txekia eta Eslovakiaren politika zigortzaileak. Oxala Espainia bihurtzea pobreziatik eta gatazketatik ihesi doazen etorkinen babesleku. Tamalez, Afrikako bere mugan egunero gertatzen denak ez du itxaropen handirik ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.