HIZPIDEAK

Puigdemonten beste kolpe bat

Iñaki Petxarroman -

2018ko apirilak 7
Alemaniako epaileek Espainiako justiziari emandako kolpeaz burua altxatu ezinda zebiltzan atzo estatuko botere ezberdinak —judiziala, exekutiboa, mediatikoa...—. Eta, bitartean, Carles Puigdemont behin-behinean aske eta bermepean utzi du Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak. Ez du ikusten matxinada deliturako ezinbesteko baldintza den indarkeriarik. Izan ere, begirada oso okerra behar da, edo oso lerratua, Puigdemonti indarkeria deliturik egozteko. Horretan Alemaniako justiziak hemen ohikoa ez den autonomia bat erakutsi du botere eragilearekiko.

Beste borroka bat irabazi du Kataluniako presidenteak, eta nazioarteko arreta mediatikoa bereganatzeko duen gaitasuna min handia egiten ari zaio Espainiari. Borroka bat irabazi izanak, ordea, ez du esan nahi gerra irabaztea. Eta Espainiako botereak zer erantzun eman aztertzen ari dira orain: Puigdemonten Espainiaratzea lortu diru publikoaren bidegabeko erabileragatik, edota kexa bat jarri Europako Justizia Auzitegian, erabaki dezan ea Alemaniako epaileek euren eskuduntzak gainditu dituzten. Amore ematerik, behintzat, ezin espero.

Bitartean, Puidemont bizirik dago, non eta Berlinen. Eta Kataluniarentzako irtenbide politiko eske mintzatu zaio munduari kartzelatik irten berritan. Ondo daki-eta zein den Espainiaren ahuleziarik handiena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna