HIZPIDEAK

Helms-Burton, orain Iranen

Martxelo Otamendi -

2018ko maiatzak 11
Kubarekin Bill Clintonen garaian AEBek erabili zuten legeak aurreikusten zituen neurri berak ezarri nahi dizkio orain Irani Trumpek; Irani eta, bereziki, Iranekin negozioak egiten ari diren enpresei. Helms-Burton legea deitzen zaio 1996an indarrean jarri zuten hari, bultzatu zuten Helms senatariari eta Burton ordezkariari omen eginez.

Funtsean, Kubarekin harreman komertzialak —saldu, erosi, inbertsioak egin...— zeuzkaten edo etorkizunean eduki zitzaketen enpresek itxita aurkituko zituzten AEBetako merkatuetako ateak, eta enpresa horien jabeei galarazi egingo zien AEBetan sartzea. «Mundu asko dago AEBetatik kanpo, bai negozioak egiteko eta baita turismoa egiteko ere», esan zuen orduan Kuban enpresa bat zabaldu berria zuen enpresari gipuzkoar batek.

Iranen ezarri nahi dituen murrizketen bidez, Irango gizartea erradikalizatzea nahi du Trumpek, aldaketa aurrerazalea nahi duten gazteei eta haiekin bat egiten duten politikari moderatuei joko zelaia asko estutuz. Etsai bat behar du Trumpek, eta badaki nola xaxatu Iranen estatu teokratikoa nahi dutenak.

Ez dezagun ahaztu munduko enpresa gehienek ez dutela harreman komertzialik AEBekin, nahiz batzuei entzunda besterik ematen duen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna