HIZPIDEAK

«Gizarteak eskatuta»

Jon Ordoñez Garmendia -

2018ko maiatzak 23
Whatsapp mezu bat izan daiteke hau gaur: «Gizarte laguntzetan soilik %1eko iruzurra dago Bizkaian». Ez da ziurrenik, ordea, bolo-bolo ibiltzen diren horietako bat izango, eta nekez egingo du salto telefono batetik bestera, inork horretan interesik izango ez balu bezala. Azken urteetan gizarte laguntzak jomugan jarri dituzten politikariak ere ez dira aterako gaur esatera jasotzen dituztenen beharra benetakoa dela.

Botoak, whatsapp mezuak bezala, beste saski batzuetatik ateratzen baitira errazen, krisiaren itzalean populismoak bete dituen horietatik. Zerbait egin behar, beraz, nahiz eta kolektibo zaurgarri bat susmopean jarri. Unai Rementeria diputatu nagusiak berak diru laguntzen kontrol plana aurkeztu zuenean adierazi zuen «gizarteak eskatuta» sortu zutela. Zer gizartek? Non? Noiz? Gizarteak beste ezer eskatuko ez balu bezala.

Rementeriaren esanetan, gizarteak eskatuta hortxe dago, ba, datu argigarri hori: gizarte laguntzetan soilik %1ekoa da iruzurra Bizkaian (1,4 milioi euro). Eta zilegi da soilik esatea ez delako asko 2017ko beste iruzur mota batzuekin alderatuta: 179,3 milioi sozietate zergan, 174,3 milioi BEZan, 66,8 milioi PFEZan... Sobera ere iruzurrerako ere klaseak eta klaseak daude, eta telefonoz telefono, kanpainaz kanpaina, lerroburuz lerroburu, afariz afari pasatzen direnak gizarte laguntzari dagozkionak dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna