Ainhoa Oiartzabal Azketa.
HIZPIDEAK

'Terrorismoa' zeri deitu

2017ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Ez da beharrezkoa gertaeren ustezko egileak talde armatu eta terroristetako kide izatea; nahikoa da elementu terroristekin harremana izatea», esan du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek, Iruñeko Lurralde Auzitegiaren irizpideen kontra, martxoaren 11n Iruñeko istiluen karietara atxilotutako Errenteriako hiru gazteen auzian. Beste era batetara esanda: gazte horiek Auzitegi Nazionalean epaitu behar direla dio. Horrek esan nahi duen guztiarekin. Zeren eta Borroka da bide bakarra leloa, Euskal presoak esatea edota Gora ETA oihukatzea parekatu eta gainera, terrorismoarekin lotu baititu epaileak: «Oihukatutako mezuak kontuan hartuta, harreman hori ezin da baztertu une honetan», dio epaileak.

Paradoxikoki, martxoaren 11 batez izan zen Madrilen sarraskia eragin zuen Europako atentaturik odoltsuenetarikoa— 192 pertsona hil eta bi mila lagun baino gehiago zauritu ziren—. Han ez zen lelorik edo manifestaziorik izan; han leherketa gupidagabeak izan ziren jendez betetako trenen kontra. 2004ko egun harrez geroztik da martxoaren 11 Europako Terrorismoaren Biktimen Eguna.

Zorionez, atentatu hotsak isildu dira gurean, ETA armagabetu da... baina, zoritxarrez, Madrilgo Auzitegi Nazionalak terrorismoa ikusten jarraitzen du gizarte normalizatu batean bestelako delitu mota batzuk izango liratekeen kasuetan: Altsasuko taberna bateko borrokaldi bategatik terrorismoa egotzita preso dauden beste hiru gazteek ere laster beteko dituzte sei hilabete preso.

Eta bien bitartean, «Arriba España» oihu artean, gizon bat jo dute Bilbon. Kasu honetan, hartuko al dute atxilo ustezko erasotzailea? Eta hala balitz, zer delitu mota egitea egotziko liokete?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.