mikel p ansa
HIZPIDEAK

Pribatuan

2017ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Ekologistei eta naturzaleei maiz tokatzen zaie kalamitateak iragartzea. Ez dira beti betetzen pronostikoak, baina askotan ez dira urruti ibiltzen, eta beti erakusten dituzte baliabide naturalei buruzko oinarrizko printzipio batzuk: ez dagoela plan sendorik, irabazi ekonomikoak lehenesten direla, eta epe motzeko ikuspegia baizik ez dagoela. Eta inbertitzaile pribatuei, izan enpresa handiak, izan lurjabe txikiak, eskuak libre uzten zaizkiela. Basogintza politikarekin gertatu dena da adibide garbi-garbi bat. Ez baita baso politikarik apenas egin. Hego Euskal Herrian, pribatuak dira baso lur asko eta asko. Paper lantegiek erabili dituzte horietako milaka hektarea. Ez da produkzio egitasmorik izan, ez ustiaketa ereduari buruzko eztabaidarik, ez ezer. Pinua aldatzen utzi zitzaien, eta orain eukaliptoa sartzen ari dira. Nekazaritzak eta abeltzaintzak hondoa jo duten bezala, berriz, baserritar askok, eta haien ondorengoek, pinuak landatu izan dituzte. Inork ez du eskurik sartu horietan, jabetza pribatuaren sakralizazioa dela medio: nork bere lurrean nahi duena egin dezake, hor eskua sartzeko ausardia duenak gogor pagatuko du. Problema da, ordea, lur horietan egindakoak herritar guztien bizitzetan duela gero eragina. Portugal eta Galiziako suteak hartu gogoan. Ustiapen eredu berri bat proposatu dute orain Bizkaiko hainbat elkartek. Badago zer egina, eta badago gauzak egiteko tartea. Jabetza pribatuari eskua sartuta ere bai, sartu behar bada: 2030 arte eukalipto landaketak debekatzea erabaki du Portugalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.