mikel p ansa
HIZPIDEAK

Sekretuak

2017ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
PPk «gardentasun falta» leporatu dio Kutxabanki. Bankuak ez duelako argitu 2006an PSOEri 21 milioiko zorra barkatu ote zion. Sekretua gordetzeko eskubideaz, «banku sekretuaz», mintzatu da Francisco Javier Lurueña Kutxabankeko kontseilari ordezkaria. PPk eskatuta joan da Lurueña Espainiako Senatuko batzorde batera. Isilik egoteko; bezeroaren konfidentzialtasuna baitago informazio hori publiko egitearen gainetik. Espainiak 2013an aldatu zuen legea; ordura arte, bankuak ez zeuden behartuta barkatutako zorren berri ematera, eta izan liteke, egiaz, informazio hori galduta egotea. Luis Aznar PPko kidea, haserre mintzatu da Senatuko batzorde horretan. PSOEri bankuek 40 milioi barkatu ote zizkioten —tartean, BBK-k 21 milioi— ikertzeko muntatu dute popularrek batzorde hori. Bakarrik gelditu dira, beste alderdiek uste dutelako PPk nahita antolatu duela batzorde hori, bere finantzaketa ilegalari buruzko ustelkeriak estaltzeko. Nabarmena da kontua. Baina nabarmena da PP berak jositako tranpan erori dela ere. Hasteko, Kutxabanki orain egotzi dion «gardentasun falta» hori bera izan duelako PPk, ustelkeria ikertzeko antolatu diren batzorde guztietan. Jarraitzeko, bera ere baliatu izango zelako 2013 arteko lege horretaz. Eta bukatzeko, Rajoyk berak ere beste sekretu baten aitzakia erabili duelako, orain berri, Kataluniara bidalitako polizien gastuaren berri ez emateko: «Estatu sekretua» da orain. Zozoak beleari, sekretuak belarrira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.