mikel p ansa
HIZPIDEAK

Ziklo berriak

2017ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Urteak utzi ditu data batzuk historia liburuetarako, eta hitz batzuk hiztegietan azpimarratzeko. Urtarrilak 23: aurreneko lehendakaria aukeratu zuen Euskal Elkargoak. Apirilak 8: armagabetu egin zen ETA. Abuztuak 1: Garoña betiko itxi zuten. Aspaldiko auziak, itxita. Ziklo batzuk bukatu dira aurten. Aro aldaketa bat igartzen da auzi batzuetan. Adibidez, euskararen aldeko mugimenduek eta instituzioek hasi duten elkarlan bidean; konplizitate hitza ekarri dute. Krisiak ere ziklo bat bukatu omen du; bizkortze hitza utzi dio urteari. Aldebakarreko bizkortzea da, ordea: langabezia 2010eko kopuruetan dago eta ekonomiaren makrozifrak 2008ko zenbakietan. Baina soldata dutenen %17 pobrezian daude: 2017ak krisia hil du, baina ez ditu soldatak igo. Beste auzi zahar batzuk ere ixteko bidean jarri ditu EAJk: Zubietako erraustegiko obrak hasi, AHTaren lanak berriz bultzatu, kupoa, kontzertua eta ekarpena hitzartu... Desblokeo hitza erantsi diote urteari. Beste gai batzuek blokeatuta jarraitzen dute, aldiz. Ziklo bat osorik egin du Kataluniak ere, eta amildegiaren ertzera iritsi da. Hitz asko utzi dizkio aurtengo hiztegiari: erreferenduma; 155.a; aldebikotasuna; aldebakartasuna... Noria baten itxura hartua dauka, eta sekula ez gelditzea komeni batzuei, gainera. Eta itxi gabe jarraitzen dute Mediterraneoan itotakoen zerrendak eta hilketa matxisten listak ere, adibidez. Ziklo batzuk itxi dituelako 2017ak, bai; baina itxitako gatazka bakoitzaren lekuan gatazka berri bat irekitzen delako. Eta inoiz ez da gelditzen, ezta urtea bukatuta ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.