jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Debekua

2018ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Bi eta hiru hilabete bitartean daramatzate preso Jordi Sanchezek, Oriol Junquerasek eta Joaquim Fornek. Behin-behinean daude espetxean —Jordi Cuixartekin batera—, baina Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epailearentzat hori ez da eragozpen bat galarazteko abenduan herritarrengandik jaso zuten ardura instituzionala behar den bezala betetzea. Jakina da behin-behinean preso daudenei ezartzen zaizkien neurriekin tentuz jokatu behar dutela epaileek, ez baitago frogatuta errua dutenik; euren burua defendatzeko aukerarik ere ez dute izan oraindik. Baina Llarenareni ez zaio iruditzen parlamentari batek parlamentuan egon behar duenik botoa emateko; hortaz,atzera bota die parlamentua osatzeko saiora joateko eskaera, eta atea zabaldu dio botoa delegatzeko aukerari.

Llarenak argudiatzen du parlamentuaren araudiak «luzaroko ezgaitasunagatik» bozkatu ezin dutenei aukera ematen diela botoa delegatzeko; amatasun, aitatasun edo gaixotasunagatik bezala. Kontua da, ordea, gai izan badirela Sanchez, Junqueras eta Forn; ez dela ezgaitasun kontu bat, ezintasun kontu bat baizik, eta ezintasuna epaileak berak ezartzen diela. Eta gai dena ezgai bihurtzen duen neurri bat zigor bat da bere horretan, ez behin-behineko ezer.

Botoa emateko aukera beste norbaiten bitartez bermatzen diela dio Llarenak, baina oinarrian parlamentuko saioetan parte hartzea debekatzen ari zaie. Politika egiteko debekua ezarri die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.