mikel p ansa
HIZPIDEAK

Alfonbra azpia

2018ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Kosta zitzaien bi edo hiru belaunaldi, baina 36ko gerran fusilatutakoen gorpuak lur gainera atera ziren azkenean. Gauza bera gertatzen hasi da torturatuekin. Auzitegien lurpean ezkutatuta zeuden salaketa haiek bide bazterrera agertzen hasi dira, lehen bide bazterretan hildako gorpuak azalera ateratzen joan diren bezala. Jaurlaritzaren txostena hor dago, eta Nafarroako Gobernuak ireki duen ikerketa lerroa ere bai. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak atzo emandako epaiak indartu baizik ez du egin azaleratze hori. Urrats bat harago joan da oraingo honetan, gainera: tortura salaketak ez ikertzeagatik zigortu izan dute Espainia lehenago; oraingoan, atxilotuei tratu txarrak emateagatik zigortu dute. Ez da normala Estrasburgoko auzitegiak horrelako erabaki bat hartzea. Hortxe baitaude, parean, PPren ahaleginak: abenduan, Torturaren Prebentziorako Europako Batzordearen gomendioak ezartzeko Unidos Podemosen eskari bat bota zuen atzera. Joan den astean, Eusko Legebiltzarrean proposamena aurkeztu zuen PPk, torturari buruzko txostena erretiratzeko. Aste batzuk dira Nafarroan torturari buruzko ikerketaren laguntzak galarazi nahi izan zituela gobernu ordezkariak.

Horregatik, ez litzateke harritzekoa izango Estrasburgok mezu bat igorri nahi izatea PPren gobernuari, ez dezan egin 36ko gerrarekin egin zuena: ez ikertu ezer, eta lurpean usteltzen utzi. Baina alfonbraren azpian, honetara ezkero, ez dago lekurik gehiago gordetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.