mikel p ansa
HIZPIDEAK

Hiztegietan

2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Agintzen duenak agindu egiten du, eta horrekin nahikoa du. Aginteak ez du egokitu beharrik; besteek moldatu behar izaten dute agindutakora. Botererik ez dutenek egiten dituzte ahaleginak gauzak alda daitezen, eta bilatzen dituzte zirrikituak eta argi izpiak gela itxietan; hitz berriak asmatzen dituzte, batzuetan errealitate berriak sortu nahian. Hitz berri bat dagoen tokian zer edo zer berria sortzen ari baita. Adibidez, aldebikorik ez dutenek asmatu dute aldebakartasun hitza. Orain DDR hitza jarri dute mahaiaren gainean; Foro Sozialak aztergai hartu du egunotan. Beste batzuetan, gertatzen da hitz zaharrak bere egiten dituztela gutxien espero zen jendeak; adibidez, Joaquin Gimenez Goreneko magistratu ohiak salbuespen hitza erabili du kartzela politikaz aritzeko, eta euskal presoak gerturatzeko garaia dela aldarrikatu du. Hitz zahar batek ezpain berrietan esanahi berria har dezake, errealitate berri baten ispilu izan liteke. Baina agintearen lehen lana ezer ez aldatzea izaten da, eta hitz zaharrak erabiltzeko joera izaten du horrelakoetan. Adibidez, terrorismo eta desobedientzia hitzak, lehen hemen aski zabalpen zutenak, erabil ditzake protesta baketsuen kontra orain Katalunian, CDRen kontra ikusi dena. Eta gerta liteke, halaber, aginteak hitz oso-oso zaharrei hautsa kentzea eta berriro modan jartzea, adibidez matxinada eta sedizioa. Baina, aginteak aginte, hiztegiek zabaltzen jarraitzen dute beti. Zorionez, errealitateak aldatu egiten direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.