Altuna III.a-Martija 12-22 Olaizola II.a-Albisu

Batzuen argia, besteen itzala

Olaizola II.ak eta Albisuk gorako bideari eutsi diote, eta nagusitasunez irabazi dute. Altuna eta Martija txakalaldi betean daude
Jokin Altuna belauniko eta burumakur, atzoko partidako une batean.
Jokin Altuna belauniko eta burumakur, atzoko partidako une batean. J. C. R. / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko urtarrilak 2
Iraupena. 47.22.

Pilotakadak. 357.

Saketik. Altunak alerik ez; Olaizolak bat.

Markagailua. 0-7, 2-7, 2-8, 3-8, 3-9, 5-9, 5-15, 7-15, 7-18, 8-18, 8-21, 12-21 eta 12-22.

Bestelakoak. 1.200 ikusle Astelena Eibarko pilotalekuan, bete egin zen. Apustuak urdinen alde irten ziren.

Argitik zenbat eta gertuago, orduan eta handiagoa da itzalak hartzen duen eremua. Eta zenbat eta argitasun handiagoa, orduan eta nabarmenagoa da itzalaren iluna. Oinarrizko lege fisiko horiek aski ezagunak dira, eta atzo Astelena pilotalekura joan ziren ikusleek euren begiez frogatu ahal izan zituzten. Egun Olaizola II.ak eta Albisuk osatzen duten bikoteak egiten du distirarik handiena binakako txapelketan, eta atzo alboan izan zituzten Altuna III.a eta Martija. Asegarcekoen argiak azken horien itzala zabaldu zuen, eta ilunaldia asko luzatzen ari da. Jokaturiko azken lau partidak jarraian galdu dituzte, eta oso adierazgarriak dira kantxan egiten dituzten etsipen keinuak.

Urteberri eguna Astelenan borobiltzea erabaki zuten pilotazaleek espero baino oreka gutxiagoko partida ikusi zuten. Txapelketa luzatu ahala, Olaizola II.a eta Albisu goraka egiten ari dira, eta atzo biek gaina hartu zieten aurkariei. Albisuk piloteoan agindu zuen, eta Olaizolak ez zuen barkatu. Berehala aurreratu ziren 7-0, horietatik bost tanto Olaizolak errematez eginikoak —11 egin zituen guztira—, eta argi utzi zieten aurkariei egun gogorra izango zela. Altuna ez dago bere onenean, urtea luzea izan da, eta freskotasuna falta zaio, baina pilota aldatu, kapelako trikimailu onenak atera, eta 5-9raino murriztu zuen aldea.

Aurkariengana gerturatu bai, baina haiek beste abiada batera zihoazen. Olaizolak konfiantza ematen dio Albisuri, eta haren alboan ataundarraren bertsiorik onena azaleratzen ari da azken bi asteetan. Zuzen jokatu zuen, huts bakarra eginda, eta, kolpearekin, Martija menpean hartu zuen. Egoera ikusita, Altunak jokoan gehiago sartu beharra zeukan, eta arriskatzen hasi zen. Frontisetik urrun sartu zen, baina, eta oso behartuta. Trikimailuak ez dira beti ondo ateratzen. Hutsak pilatu zituen, bost guztira, eta Asegarcekoek tarte erabakigarria ireki zuten: 15-5.

Olaizolak eta Albisuk bizkor egin zituzten bukaera artekoak. Ligaxkako lehen asteetan erritmoa hartzea kosta zitzaien, eta, hala ere, partida bakarra galdu zuten. Orain, berriz, sasoia hartuta, are nabarmenagoa da aginte sentipen hori, eta, ondo bidean, bizpahiru astean matematikoki egongo dira sailkatuta finalerdietarako. Altunak eta Martijak, berriz, emaitza atondu zuten, baina partida iraultzea ezinezkoa zen. «Zer gertatzen ari zaigun aztertu behar dugu», onartu zuen Altunak partidaren amaieran. Bizkor ibil daitezela, bidea oso aldapa gora jartzen ari baitzaie.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna