HIZPIDEAK

Jarraitzeko ostikoa

Urkullu eta Ortuzar pozik, atzo, Sabin Etxean.
Urkullu eta Ortuzar pozik, atzo, Sabin Etxean. LUIS TEJIDO / EFE

Jakes Goikoetxea -

2016ko irailak 26
Statu quo-aren alde egin dute herritarrek. Horixe saldu du EAJk kanpainan, eta horixe aukeratu dute herritar gehienek. Iñigo Urkullu lehendakarigaiak mahukak jasota baina betiko tonuan eta EAJk hauteskundez hauteskunde higatutako hitzetan oinarrituta (seriotasuna, kudeaketa, segurtasuna...) egin du kanpaina. Gainera, ziurtzat jo daiteke PSE-EEren babesa izango duela, Eusko Jaurlaritzaren barruan edo Eusko Jaurlaritzatik kanpo. PSE-EErentzat hotz handia egiten du oposizioan, gero eta diputatu gutxiagorekin eta oposiziotik gobernua baldintzatzeko aliatu indartsurik gabe. Abertzaletasunak eta erabakitzeko eskubideak gehiengo zabalak izateak ez du orain arte eragin, eta ez dirudi aurrerantzean ere EAJren jarreran eragingo duenik.

Statu quo-aren alde egin dute herritarrek. Espainiako Gobernuak jarrera aldatu zain bizitu den eta bizituko den gobernu baten alde. Protesta egiten duenean protesta egiten duela ez dirudien gobernu baten alde. Beren etorkizunari buruz erabaki nahi duten Kataluniako herritarrei eta erakundeei lezioak ematera ausartzen den hautagai baten alde. Mahukak jasota bai, baina gai askotan eskuak lotuta dituen gobernu baten alde. Azken adibidea jartzearren, Ertzaintzan lan eskaintza publiko bat lasaitasunez egin ezin duen gobernu baten alde. Ez dirudi egoera nabarmen aldatuko denik. Errugbian esaten duten moduan, jarraitzeko ostikoa, beste lau urterako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna