HIZPIDEAK
Hizkuntzak eta Donostia 2016

Kontseiluak hitzarmen bat sinatu du Donostia 2016rekin, eta hizkuntza gutxituei buruzko nazioarteko goi bilera bat antolatuko du 2016an.
Gaiak zeresan handia eman du, hiriko udal oposizioaren eta Eusko Jaurlaritzaren iritziz hobe litzatekeelako kongresu hori Hizkuntz Politikako Sailburuordetzak, Euskaltzaindiak edo Etxeparek antolatzea. Jaurlaritzak argudiatu du Kontseilua ez dela nor, eta oposizioak, ezker abertzaleak gidatzen duela.
Kontseilua euskalgintzako dozenaka erakunderen elkargune bat da, eta, bertan, askotariko joera politikoak daude, euskalgintzan iritzi eta pentsamendu aniztasun handia baitago. Beraz, joera politiko batekin lotu nahi izatea bidegabea eta errealitatetik kanpokoa da, Euskaltzaindia EAJrekin lotu nahiko balitz bezain bidegabea, esaterako.
Eta nor den ala ez epaitzeko, Kontseiluak nazioartean eginiko lanari begiratzea baino ez dago,Hizkuntzen Berdintasunerako Europako Sareko (ELEN) zuzendaritzan, adibidez. Izan ere, Kontseilua ezaguna da, besteak beste, NBEko eztabaidetan parte hartu ohi duelako.
Kongresuan, Europako hizkuntzek garapen osoa izan dezaten protokolo bat adostu nahi dute, nazioarteko mugarri bat, azken finean. Nork antolatzen duen baino hobe litzateke zer lortu nahi den kontuan hartzea, eta ados egonez gero, elkarlanean hastea. Nahi izanez gero, denentzat baitago tokia.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.