Albistea entzun

HIZPIDEAK

Itzultzaileak ere baditu

Carlos Urkijo, agerraldi batean.
Carlos Urkijo, agerraldi batean. A. RUIZ DE HIERRO / EFE

Iñaki Petxarroman -

2015eko irailak 17 - @petxarroman

Ondo daki Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak euskara hizkuntza ofiziala dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, beraz, hala erabakitzen duten udalek hura erabil dezaketela eguneroko jardunean. Baina epaile batek gogorarazi behar izan dio. Gaintzako eta Amezketako udalen aurka Urkijok berak zabaldutako prozedurak ez zuela oinarri juridikorik ebatzi du Donostiako Auzitegiak, eta bi udalek eskubidea dutela aktak euskara hutsez jaso eta bidaltzeko.

Egia da antzeko kasu batean beste epaile batek kontrakoa ebatzi zuela Lekeitioko Udalaren aurka zabaldutako prozeduran. Egia da indarrean dauden udalen eta euskararen legeek ez dutela behar bezala bermatzen euskaraz bizitzeko eskubidea. Baina Urkijok kolpe txiki bat jaso du. Eta euskaraz bizitzea erabaki duten Uemako udalek babes esanguratsu bat, euskaraz bizitzen eta lan egiten jarraitzeko.

Eta Espainiako Gobernu ordezkariak baditu tresnak —itzultzaileak, besteak beste— udal horien akten edukia ulertzeko. Eta euskara hutsez egin izan diren ekitaldi batzuk —Segundo Ibarra Izurieta presoari iaz Bilbon eginiko harrera ekitaldia, kasurako—, «terrorismoaren apologiagatik» salatzeko erabili zituen bezala, erabil ditzala. Edo, askoz ere hobeto: euskaldun ditzala bere burua eta gidatzen duen erakundeko funtzionario erdaldun andana. Bada-eta garaia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...