jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Iruzurra

2017ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoi eman dio Kutxabanki, eta erabaki du hipoteka mailegu bat IRPH indizean oinarritze hutsak ez duela esan nahi ez gardentasun faltarik, ez gehiegizkotasunik egon denik. Teorian, izan daiteke; praktikan, nekez. Izan ere, nork sinatuko luke hipoteka mailegu bat IRPH indizean oinarrituta, jakinda indize hori Euriborra baino askoz ere garestiagoa dela eta urtean —hipotekaren arabera— mila euro inguruko gainkostu bat eragin dezakeela? Inork ez. Nork nahi baitu gehiago ordaindu?

Alegia, hipoteka maileguak kontratatzeko orduan finantza erakundeek benetan garden jokatuko balute, aukera ezberdinak eskainiz, Euriborrak eta IRPH indizeek azkeneko urteetan izan duten bilakaera erakutsiz, inork ez luke IRPHrik aukeratuko. Horixe esan zuen, besteak beste, Arabako Probintzia Auzitegiaren sententzia batek, Auzitegi Gorenak indargabetu duen horrexek.

Auzitegi Gorenak esanak esan, IRPH indizea gehiegikeria bat da. Opakua. Manipulatzeko modukoa. Emandako hipoteka maileguen batez besteko bat hartzen du aintzat, baina mailegu horien komisioak eta gastuak ere aintzat hartuta. Euriborraren aldean indize egonkorragoa dela esanez saldu izan dute finantza erakundeetan. Egonkorragoa bai, baina beti Euriborra baino nabarmen garestiago. Diru sarrera egonkorra finantza erakundeentzat, zuloa bezeroentzat. Hori ez bada iruzurra...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.