HIZPIDEAK

Motxilak arintzeko garaia

Iñaki Petxarroman -

2018ko urtarrilak 14
Giro berezia zen atzo Bilbon. Ordu batzuk lehenago Parisek emandako albistearen baikortasunak kutsatuta egin zuten manifestazioa dozenaka mila lagunek. Sentsazioa zen zerbait mugitzen hasi dela presoen auzian, ETAk ibilbide armatuaren bukaera iragarri eta zazpi urtera. Lehenbiziko aldiz, bide propioari ekitea erabaki duela Parisek. Presoak Euskal Herritik gertueneko espetxeetara hurbilduko dituela iragarri du, eta ikusteko dago horrek Madrilekin arrakalarik sortuko dion. Garbi dago, baina, Madrili lehen baino zailago jarriko zaiola orain arteko espetxe politikari eustea.

Zeren politika horrek ehunka senide eta lagun ipintzen baititu asteburu oro errepideetako ibilbide luzeetan, izan eguzki, izan elur. Tartean haurrak, baina tartean pertsona ezinduak, adinduak eta mugitzeko zailtasunak dituztenak. Legez, erabaki horrek ez du zerikusirik presoen zigorren betebeharrarekin, eta erantsitako kondena krudel bat besterik ez da, mendeku itxurakoa.

Motxilak ziren atzoko manifestazioaren ikur. Eta motxilak erabiltzen segituko dute senide eta lagunek, seme-alabak tartean, hurrengo asteotan. Baina batzuek Roannera eta Clairvauxera joan beharrean Mont-de-Marsanera joan beharko dute. Eta alde ederra dago zamatu beharko duten motxilaren pisuan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna