mikel p ansa
HIZPIDEAK

Aukeraketa

2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
EAJk eta EH Bilduk Euskal Autonomia Erkidegoarentzat adostu duten estatutu berriaren oinarria harrigarria da. Espainia zentsura mozio batetik dilindan dagoen honetan, arrisku sariak (berriro) Espainia lepotik heldu duen honetan, eta EAJk PPren aurrekontuak babestu ostean, abertzaleek adostutako hitzaurrea eta Atariko Titulua ia oharkabean pasatu dira: kezkak eta larritasunak beste leku batzuetatik datoz orain. Espainia dilindan ez balego, egurra gogotik jaso behar zuten EAJk eta EH Bilduk: erabakitzeko eskubidea euskal instituzioei aitortzea eta euskal naziotasuna aitortzeko ahala bereganatzea kritikatu dituzte, batez ere, Espainiako prentsak eta Madrilen zentralak dituzten alderdiek. Handiagoak esango zituzketen, Espainia gobernu krisi baten erdian ez balego. Edozein moduz, harritzekoa da, Ibarretxeren mende hasierako ekinaldiak baztertua zirudielako jeltzaleen ildo politikotik; eta Kataluniako prozesua Konstituzionalaren kontra jo eta birrindu eta gero, ezinezkoa ematen zuelako estatutu berri batek eduki horiek hain modu argian jasotzea. Interpreta liteke ekonomia hankaz gora jarri gabe eta Espainiako Gobernuaren onespenarekin onartu nahiko lukeela EAJk estatutu berria. Hortik aldebikotasunarena. Baina tamaina honetako aldaketa juridiko bat ezingo da egin ezegonkortasunik sortu gabe; ez Madrilen agintea nork izan dezakeen ikusita, bederen. Horregatik, orain ez bada luze gabe, «egonkortasuna ala aldaketa» aukeratu beharrean aurki liteke EAJ.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.