HIZPIDEAK

Sintomak Osakidetzan

Jon Ordoñez Garmendia -

2018ko ekainak 7
Ez zegoen frogarik, ez zegoen salaketa ofizialik, baina Osakidetzak jada ikerketa batzuk abiatu ditu oposizioetako ustezko ustelkeria kasuen harira, eta bertan behera utzi ditu susmopean dauden zenbait oposizio. Gutxienekoa da, ez baitira kaleko susmo hutsak azken egunetan azaleratu direnak, baizik eta oinarri sendoa duten zantzuak, sintoma adierazgarriak.

Kale egin zuten Jon Darpon Osasun sailburuak eta Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariak astelehenean salaketak gutxietsi zituztenean. Osakidetza ez baita soilik Eusko Jaurlaritzaren administrazioaren beste adar bat. Beste ezeren gainetik herritarren osasun arretaren ardura duen erakundea da, eta gutxienez kezkagarria da osasun sistemaren sinesgarritasuna kolokan jar dezakeen edozein jarduera. Pauso bat da horregatik, bigarren botean bada ere, asteleheneko hanka sartzea zuzendu eta ikerketak abian jarri eta lehiaketak bertan behera uztea. Baina ez da nahikoa. Lekukoek diote jokaera errotua dela azterketak filtratzea. Horregatik, azkenera arte eraman behar dira ikerketak eta haien emaitzen ondorioak. Eta okerrik egonez gero, zuzendu eta berriz gerta ez dadin neurriak hartu.

Sintomek diote Osakidetzan gaitz bat dagoela. Bere buruaz diagnostiko zintzoena egiten duen arte, erakunde horren administrazioaren profesionaltasuna zainketa berezietan egongo da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna