jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Atariko ordua

2018ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Atariko ordua iritsi da. Haurrak atera dira ikastetxeko jolastokira. Alde batean, futbolean jokatzeko ate bat. Beste aldean, beste ate bat. Ez du beste aukerarik ematen jolastokiak: futbolean jokatu edo jolas eremuaren mugetatik kanpo geratu. Bi ate horiek markatzen duten eremu horrek bezala,hala bereganatuko du Errusiako munduko futbol txapelketak mundu osoko jendearen arreta gaurtik. Jolas eremuaren barruan dauden zaleena, eta kanpoan geratu nahi dutenena ere bai.

Gaur hasiko da Gizonezkoen Munduko Futbol Kopa. Zilegi da pentsatzea ez dela beharrezkoa esatea gizonezkoena dela, mundu guztiak dakielako emakumezkoena datorren urtean jokatuko dela, Frantzian. Baina futbolaz hitz egiten denean ez dago sobran azpimarratzea gizonek jokatuko dutela, binomio hegemoniko ezin perfektuagoa osatzen baitute futbolak eta maskulinitateak, eta horren isla baita txapelketa. Are eta gehiago, Errusian.

Aipagarria da txapelketa hasi aurretik zer gutxi hitz egin den LGTBI kolektiboko kideek herrialde hartan jasaten dituzten erasoez. Tamaina horretako kirol ikuskizunen atarian, ohikoa izaten da hitz egitea gai sozialez. Errusiaren kasuan, ordea, eraso homofobo eta transfoboak jolas eremutik kanpo utzi dituzte hasi aurretik ere. Gehienez, orain erasotzaileez hitz egingo da, muturreko zaleez. Baina ez eraso horiengatik, baizik jolas eremuan egiten dituztenengatik. Futbolaren irudia zikintzen baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.