HIZPIDEAK

Uema? Eudel

Uemaren batzarra, iaz, Azpeitian.
Uemaren batzarra, iaz, Azpeitian. G. ARANBURU / ARP

Mikel P. Ansa -

2016ko maiatzak 5
Deigarria da Ana Esther Furundarena EAJren EBBko Euskara arduradunak emandako erantzuna. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (Uema) elkarlanerako foro izan ote daitekeen galdetuta, «Uste dugu Eudel dela toki edo foro aproposena elkarlanerako», erantzun du. Duela 25 urte zentzua zuen Uemak, Furundarenaren hitzetan, «hutsuneak, gabeziak eta beharrak» ugariak zirelako. Baina, egun, euskarak baditu «bermeak» udal antolakuntzan, eta Eudelek izan beharko luke gai euskarari buruzko udalen beharrak ere betetzeko. Udalek nahi duten elkarteetara kidetzeko «askatasun osoa» dutela aitortu arren, zehatz esan du EBBko kideak : «Gure ustez, Uemaren izatearen edukia Eudelen barruan dago».

Deigarria da Furundarenaren erantzuna, Uemak 25 urte egin dituelako —gaur ospatuko du, Aizarnazabalen—, eta arnasguneen aldeko jardunak eta diskurtsoak leku garrantzitsua irabazi dutelako urteotan. Gainera, ez da normalena erakunde baten urteurrenean erakunde horrek beste batean disolbatu beharko lukeela iradokitzea. Egia da Eudelek baliabide eta tresna asko eskain diezazkiekeela udalei, baita udalerri euskaldunei ere; eta egia da Eusko Legebiltzarrak onartutako Udalen Legeak ere berme gehiago ematen dizkiela euskaraz jardun eta euskara sustatu nahi duten udalei. Baina egia izaten da, halaber, hamabost zerbitzu ematen dituen erakunde batean euskara eta halako gaiek ez dutela ia inoiz lehentasunik edukitzen. Emakumeek aspaldi asmatu zituzten gizonik gabeko erakundeak. Beren autonomia eta politika propioak, autozentratuak, lantzeko eta bideratzeko modu bakarra izan zuten. Euskararekin ere antzera gertatzen dela esan liteke.

Logikoagoa litzateke Uemak eta Eudelek elkarrekin sinergiak bizkortzea, nork bere eremutik, inork beste inor ordezkatzea baino.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna