Ainhoa Oiartzabal Azketa.
HIZPIDEAK

Komunitatea ardatz

2017ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Lau hormen arteko teilatupe bat. Pertsona orok behar du etxea deitzen diogun halako toki bat duin bizitzeko. Bertan ase ohi ditugu jatea, garbitzea, lo egitea eta halako eguneroko premiak. Bertan osatzen dira familiak eta auzoak. Bertako bihurtzen dira han bizi diren herritarrak, eta herritarrek bihurtzen dute bizileku duten etxe, auzo edo herri hori era batekoa edo bestekoa.

Horixe bera ari da gertatzen egunero gure herrietan eta auzoetan. Baita Errekaleorren ere, Gasteizen. Kasu horretan, bereizgarri garrantzitsu batekin: komunitatean ari direla antolatzen egunerokoa. Hots, nor bere etxean bakartuta bizi den herritarrez beteriko auzo bat baino gehiago, herri proiektu bat da Errekaleor. Bertako 150 bizilagunek zuzeneko parte hartzea dute auzoari buruzko erabakietan, hura eraberritzeko lanetan edota hango baratzeen ustiaketan. Elikagai eta zerbitzu asko auzoan bertan elkarren artean antolatu ostean lortzen dituzte. Euskara asko entzuten da, eta ardura handiz zaintzen dute ingurumena.

Egungo gizarte ereduan ez da oso ohikoa halako bizimodu bat. Hain zuzen ere, horri ematen diote balioa bertako herritarrek, eta aitortzen dute ez dela erraza: «Agian ez goaz nahiko genukeen bezain azkar, baina mundua ere ez doa nahiko genukeen norabidean».

Gasteizko Udalak, alkateak batik bat, munduaren norabide berean egin ditu azken astotan mugimenduak: argindarra moztu ostean, auzoa eraisteko agindua eman du, eta horrekin, badirudi desagerrarazi egin nahi dituela XXI. mendeko Gasteizen halako auzo batek sor ditzakeen eztabaidak eta kontraesanak. Tristea da auzoan bizitzeko modu berritzaile bat deserosoa izatea egungo udal agintarientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.