inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Puigdemont

2017ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Ezohiko gertaera politikoen ondorioz, haren izena letra larriz idatzita agertuko da Kataluniako historia liburuetan. Lluis Companys, Francesc Macia eta beste gutxi batzuen oholtza pribilegiatuan dago jadanik Carles Puigdemont, Artur Masek nahi baina ezin izan zuen tokian.

Herriak Kataluniako presidentea izatea nahi du. Babes nahikoa eman dio, hura baita Espainiak erakunde katalanei egindako eraso zitalaren babesaren ikur. Jendeak ez du Puigdemonten alde bozkatu, presidentearen alde bozkatu du. Eta presidentea ataka zailean dago berriz.

Izan ere, kargua hartu ahal izateko Bruselatik Kataluniara itzuli beharko du, eta, itzultzen bada, atxilotu egingo dute. Dagoeneko, gutxik jarriko dute zalantzan Espainiako justiziak duda gutxi egingo duela nazioarteko arreta mediatikoa meritu handiz irabazi duena kartzelara bidaltzeko. Eta zalantzazkoa ere bada presidente izaten utziko ote dion. Ez baita ahaztu behar Katalunia Espainiako botereen menpe dagoela, eta Puigdemont, oraingoz, bere burua errepublikatzat jo duen autonomia bateko presidentea baino ez dela.

Botoek ematen duten zilegitasunaren aurrean estatuaren errepresioaren indar faktikoa dago. Nor gailenduko da pultsu horretan? Nazioartearen jarrera ausartago batek bakarrik ezar dezake Puigdemont Generalitatean. Horretan arituko da pentsatzen agian, jakinda itzuli beste aukerarik ez duela, herriak eta historiak horixe eskatu diotelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.