mikel p ansa
HIZPIDEAK

Plastikoa janez

2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Etimologia hiztegiek diote grezierazko plastikós-etik iritsi dela gure hiztegira plastikoa; forma ematea esan nahi du. Hitzarekin batera, materiala 1950eko urteetatik aurrera hasi zen iristen gugana, eta hamarkada gutxian ia denetik egiteko material bihurtu da, bidean beste material batzuk bazter utzita: zura, beira, harria, buztina, mineraletatik eratorriak... Orain autoetan daude plastikoak, etxeetan, arropetan, janariak biltzen ditu plastikoak; plastikoak itotako mundu bat. Baina erabili eta gero ere bizitzen jarraitzen dute plastikoek, eta hori da larrietan larriena: zabortegiak betetzen ditu plastikoak, itsasoak betetzen ditu, Asiako herrialdeetara esportatzen ditu Mendebaldeak, erraustu egiten dira, hondakin kutsakor bihurtzen dira, animaliek irensten dituzte... plastikoak irentsitako mundu bat. Azkenean, grezierazko jatorriko hitzak arrazoia: munduari forma eman dio plastikoak. Arazoa da material oso moldagarria eta askotarikoa dela, eta industriari errentagarritasun tarte handiak eman dizkiola. Baina inork ez duela pentsatu zikloa nola itxi behar zen. Hondakin kontuetan ibiltzen direnek esan ohi dute izaki adimentsu usteko hori dela hondakinak sortzen dituen bizidun bakarra; biodegradagarriak ez diren gaiak sortzen dituen bakarra, alegia. Izaki adimentsu horrek hobe luke ekoizpenerako materialen zikloak nola itxi pentsatzeari ekingo balio. Eta hori bezain garrantzitsua: ekoizleak beren ardurak hartzera behartuko balitu. Plastikoa jaten bukatu nahi ez badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.