mikel p ansa
HIZPIDEAK

Dudak ereiten

2018ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Katalunian ez zeuden gauzak batere garbi, eta ilunago daude orain. Eta uztailaren 15ean bozak egingo ote diren galdera zabaltzen ari da. Carles Riera CUPekoaren atzoko hitzaldia baldekada bat ur bezala erori zen; JxCk eta ERCk errepublika indarrean jartzeko proposamen zehatz bat egin ezean, oposiziora pasatuko dira antikapitalistak. Orain arte egiten utzi du CUPek; negoziazioetan ERCk eta JxCk ibili dituzten atzera-aurreretan ez du apenas eskurik sartu. Baina zatiketa agerikoa da. Presidente garbi bat ez jartzeko intentzioan tematu da JxC. Puigdemontekin saiatu zen, Sanchezekin ondoren, eta Turullekin orain; normalizazio faltari eutsi nahi dio, errepublikaren aldeko mezua indartzeko balioko diolakoan. Espainiaren demokrazia faltaren seinale litzateke: presidente bat erbestean edo kartzelan. Ez du ematen ERC estrategia horretan dagoenik; itxura du gobernua osatu nahi duela lehenbailehen, eta presidente garbi bat jarri behar baldin bada, jarri. Baina agintaldiari ekin. CUPek bazterretik jarraitu ditu negoziazio horiek, baina kolpea eman du. Eta zaila da igartzea kolpe horrek Ritcher eskalan zer tamaina hartuko duen. Puigdemont eta Toni Comin diputatu akta uztera behartu ditzake: ERCk eta JxCk ulertzen badute CUPekin itunik ez dela posible, erbesteko diputatuen gaineko presioa handituko da. Baina horrek ere ez luke ziurtatuko presidentea jartzea eta agintaldia bukatzea. Galdera, azken buruan, hasierako bera delako oraindik: gobernua osatu, zertarako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.