inaki petxarroman
HIZPIDEAK

'M. Rajoy'

2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Aldarte akasgabekoa» izan da Mariano Rajoy, Andoni Ortuzar EAJko presidentearen esanetan. Pertsonalki onena opa dio, eta hori edukazio oneko keinu bat da, edonorentzat balio lezakeena.

Besterik ondoriozta liteke, baina, Rajoyren bizitza politikoaren balantzetik. Ustelkeriarekin lotutako afera larri batengatik joan da etxera, eta ez berak hala nahita. Epaileek frogatutzat jo dute haren alderdia legez kanpo finantzatu dela urte askoan. Areago, Barcenas diruzainaren paperetan dirua jasotzen zutenen zerrendan ageri zen M. Rajoy izeneko bat. Aurrekari horiekin, ez liteke harritzekoa egunen batean epaileren batek kontuak eskatzea presidente ohiari.

Alabaina, ustelkeria auziengatik ez ezik, bere politikengatik ere nabarmendu da. Izan ere, Rajoyk —Zapaterorekin batera— 60.000 milioi euro eman zizkien bankuei 2015era arte, haiek mailegua ordaindu ezinik zeuden herritarrak etxetik botatzen zituzten bitartean.

Inoizko lan erreformarik gogorrenak egin ditu, eta inboluzioan jarri du estatua Katalunian eta Euskal Herrian. Euskal presoekin keinu humanitariorik batere ez, eta ataka gorrian jarri ditu gainerako herritarren askatasun eta eskubideak. Esaterako, Altsasuko gazteen aurka gertatzen ari dena ezin liteke ulertu aintzat hartu gabe estatu aparatu batzuek Rajoyrekin jaso duten bultzada errepresiboa. Hori bai, «aldarte akasgabez» egin du guztia, eta lapsus eta mingain trabatze gogoangarrien artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.