Ainhoa Oiartzabal Azketa.
HIZPIDEAK

Udaberri izoztua

2016ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Mikel Aiestaranek gaur ondo gogorarazten digun bezala, diktadoreei diktadore deitzen hasi ginen duela bost urteko neguan, Udaberri Arabiarra izenez Mendebaldean ezaguna egin zen mugimenduaren ondotik. Hamarkada luzez agintean egon ostean begitandu zitzaizkigun diktadore ordura arte agintari karismatiko, pertsonaia bitxi edota presidente gogor izan zirenak.

Mendebaldea neguko lozorrotik esnatzerako, herri matxinada jendetsuek erauzi zituzten agintetik dikatore haietako batzuk. Ondorengoen patua bestelako izan zen. Ernamuindu ziren 2011ko loreak, baina ez zuten askorik iraun egungo geopolitikaren ekosistema pozoituan. Izoztu egin zen udaberria.

Hemen, gure negu luzeak, izotz aroa dirudi. Atzo, ordea, 80 urtez lurpean izan den lore bat ernatu zen Larrabetzuko neguaren erdian; 64160 zenbakidun plaka zeraman gudaria aurkitu zuten. Topatu baitzituzten Ramon Portillo Acedo CNTko Celta brigadako kidea zenaren gorpuzkiak. Eta berreskuratu zuten haren memoria.

Luze joan bada ere, badirudi negua atzean uzteko borondatea benetakoa dela. Karradera elkartea bezalako herri ekimenak dira horren berme. Baina diktadoreari diktadore deitzea ausartzen ez garen artean, ez da loratuko benetako udaberririk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.