HIZPIDEAK

Zerbait aldatu da

Bilkura bat, Luhuson, herenegun.
Bilkura bat, Luhuson, herenegun. ISABELLE MIQUELESTORENA

Jon Ordoñez Garmendia -

2016ko abenduak 21
Bost, Luhuson atxilotu eta atzo aske utzi dituztenak. Lau, Altsasun atxilotu eta aske geratu diren gazteak. Hiru, Altsasun atxilotu eta preso jarraitzen dutenak. Bi, zentzugabekeria hori guztia muturrera daramatenak. Bat, herria. «Zerbait aldatu da», zioen atzo Mixel Berhokoirigoinek kalera atera berritan. Frantzia eta Espainia atzerantz doaz, konponbidearen bidean aurrera egin beharrean, bidean topatzen dituztenak zangotrabatuz. Gehiegikeria hain da agerikoa, ordea, topo egin baitute, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan, haien estrategia lotsagabea modu gordinean eta baldintzarik gabe salatzen dutenekin. Baina-rik jartzen ez dutenak dira horiek, euren zilborrari begiratzeko beharrik ez dutenak.

Zerbait aldatu da. Aldatu dira polizia operazioetako jomugak, argudioak, eta horrek erakusten du ari dela beste zerbait ere aldatzen, beharko zukeen bidetik ez bada ere, beste bide batetik bat, bi, hiru, lau, bost... badoala kontaketa aurrera. Luhuson atxilotutakoek erakutsi dute oztopoen gainetik herri honek bere eskuetan duela aterabidea, eta bakearekiko konpromisoa hori dela.

Kalean egon arren, ezpata buru gainean izanik, ezin da esan aske direnik erabat Luhusoko bostak, ezta Altsasuko guztiak ere. Inor ez da aske estatuen estrategiapean. Baina bidea irekita dago, eta geroz eta zabalagoa da, bakearekin konprometitzen direnei esker.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna