HIZPIDEAK

Egun asko dira San Fermin

Jon Ordoñez

2017ko azaroak 14
Ez dago abestu beharrik geroz eta gutxiago falta dela. Iaz uztailaren 7an gertatu zen behin, baina sexu erasoak egunak joan eta egunak etorri gertatzen dira han eta hemen. Gasteizko, Baionako eta Lekeitioko jaietan ere bada uztailaren 7 bat. Halloween gaua ere bada San Fermin eguna.

2016ko sanferminetako talde bortxaketaren epaiketaren kasuak bereganatu duen arreta ezohikoa dela esatea gutxi esatea da. Ateak itxita izanagatik, 30 kazetari —paraxutistak batzuk— kreditatu dira epaiketaren berri emateko. Baina zenbatek kontatuko duten baino gehiago, zer kontatu nahi den da gakoa. Gordina da hasieratik auzi honen inguruan gertatu dena, eta zenbait hedabidek instrukzio fasean hartu zuten parte izateko erabakia, ikerketako informazioa ondorioak aintzat hartu gabe plazaratuz.

Lupa bat jarri dute eraso honen gainean, baina hobeto ikusteko balio beharrean, kontrakoa lortzen du: xehetasunak kontatuz, auzi hau deformatzen du, besteak ikusezin bihurtzen dituen aldi berean. Sexu erasoak ez baitira xehetasunak, baizik eta gizartearen arazo oso larri baten adierazle diren gertaerak. Icebergaren aurrean azalekoa edo ur azpian dagoena ikusi nahi den, hori da kontua. Hori da kontatu beharrekoa. Izango baitira uztailaren 7 gehiago. Zoritxarrez, izan egun asko direlako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna