jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

«Injerentzia»

2018ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Ricardo Feliu NUPeko soziologoak 2015eko udan egunkari honetan esan zuen legegintzaldi honetan aldatuko zuela UPNk euskararekiko jarrera, eta agian prentsaurrekoren bat euskaraz eman ere egingo zuela esatera ausartu zen. Hilabete gutxi falta dira legegintzaldiaren hiru laurdenak betetzeko, eta penaz esan daiteke jada ez duela asmatuko Feliuk. Nabarrismoaren ikertzaile handienetako bat da gaur egun, baina UPNk kale egiten die baita izpi aldatu daitekeela uste duten gutxi horiei ere. Hil honetan egingo dira, gainera, alderdiaren primarioak, eta aurrerantzean Esparzak, bere burua foru eta udal bozetarako lasterketan jarrita, hauspotu besterik ez ditu egingo jarrerarik atzerakoienak.

Asko falta da oraindik, ordea, bozetarako, eta 2019ko udaberrian Nafarroan emaitzak direnak izango dira. Baina errealitatea hau da: D ereduko erreferentziazko ikastetxeen zerrenda handitu egingo da eremu ez-euskaldunean, eta, hori jakinda, Alberto Catalan UPNko Hezkuntza arduradunak Euskarabidea kritikatu du horrek D ereduaren aldeko kanpaina egingo duelako. «Injerentzia» deitu dio Euskararen Institutuak euskararen aldeko kanpaina bat egiteari; alegia, bere lana egiteari.

Iritsiko da agian UPNk prentsaurreko bat euskaraz emango duen eguna, eta iristen bada, ongi etorria izango da. Baina geroz eta gehiago, haien behar bat da hori, eta nafarrenak, zorionez, beste batzuk dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.