jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Justizia fikzioa

2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Merezi du irakurraldi bat Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epailearen prozesatze autoak. Gertatutakoaz egiten duen interpretazio propioa ikusteko ez ezik, auzipetuei matxinada delitua egotzi ahal izateko gertakariak eta hitzak zenbat bihurritu behar dituen jabetzeko, besterik ez bada ere. Betearen beteaz gainezka egindako tiradera edo maleta bat ixteko indarka aritu behar denean bezala.

Eta indarkeriak, bortizkeriak, arazo bat sortu dio Llarenari, auzipetuei matxinada delitua egozteko bortizkeria erabili zutela zuritu behar baitu. Eta ez da erraza, Kataluniako prozesuak denetarik izan baitu, baina independentziaren aldekoen bortizkeria, hain justu, ez. Llarenaren oinarrietako bat da agintariek eutsi egin ziotela urriaren 1eko galdeketari eta, horregatik bakarrik, bortizkeriaren alde egin zutela. Onartzen du hori garbiago geratuko litzatekeela frogatuko balitz mossoei «benetan» agindu zietela legea ez betetzeko; baina agindu horren frogarik ez dago. Dena den, gertatutakoa ikusita, «logikaren eta giza eskarmentuaren arauetan» oinarrituta, Llarenak ondorioztatu du «arduradun politikoek polizia autonomikoari bozketa ez eragozteko agindu behar izan ziotela». Eta dena horrela. Asaldatzeko modukoak dira Sanchezi eta Cuixarti matxinada egozteko esaten dituenak. Egitateak izan beharrean, susmoak eta epailearen beraren nahiak. Zientzia fikzioa ez, justizia fikzioa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.