mikel p ansa
HIZPIDEAK

NBEk badaki

2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Bi data sinboliko: 1976ko martxoaren 30a —Israelek kanporatutako palestinarrak protestan ari ziren, beren lurretara itzultzeko eskatuz; sei palestinar hil zituzten—; eta 1948ko maiatzaren 15a, Nakba —hondamendia, arabieraz; Palestinari lur zatiak kendu eta Israelgo Estatua sortu zuten eguna—. Sei aste, martxoaren 30etik maiatzaren 15era, eta protesta baketsu bat egiteko asmoa: Gazako mugaren inguruko bospasei lekutan kanpalekuak jartzea. Ekinbide herritar bat zen, Palestinako mugimendu politiko eta sozial gehienek babestua. 40.000 pertsona, antolatzaileen esanetan. Frankotiratzaile israeldarrek beren arma berrienak eta entrenamendu sofistikatuenak probatzeko masa egokia. Hamasei hildako. Gutxienez. Indarkeria debalde erabili zutela ukatu dute militar israeldarrek, eta protesta Hamasek antolatu zuela saldu —beti dago deabruren bat eskura—. Baina Nazio Batuen Erakundearen adierazpenak erakusten ditu bertsio horren ahuldadeak. Israeli suzko armak neurriz erabiltzeko esatea eta adingabeen kontra ez duela tira behar iradokitzea bada zerbait esatea; NBEk gaitzespen ofizialik oraindik egin ez badu ere. «Ikerketa independente bat» enkargatzea ere bada zerbait esatea. NBEk esan edo egin ditzaketenek ezer gutxi balio dute, ordea, berriro ere bistan gelditu denez. Israelek egin duena egin duen bezala egin ahal izateko, hitz bakar batek esplikatzen duelako dena: inpunitatea. Eta Israelen inpunitateari buruz badu NBEk zerikusirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.