Mikis Theodorakis

Greziaren doinuak eta hitzak

KATERINA MAVRONA/ EFE.
mikel lizarralde
2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Greziak XX. mendean mundura eramandako musikagilerik laudatuena izan zen Mikis Theodorakis (Quios, 1925-Atenas, 2021). Nikos Kazantzakisen nobelan oinarrituta Michael Cacoyannisek zuzendu zuen Alexis Zorba (1964) filmerako egindako musikak eman zion oihartzuna Theodorakisi, eta Greziako herri doinuak munduan ezagutarazteko balio izan zuen. Alabaina, horren aurretik ere prestigio handiko konpositorea bilakatua zen bere herrialdean. Era berean, ezkerreko militantziak espetxera eta erbestera eraman zuten Theodorakis bere bizitzako hainbat unetan. Azken urteetan bihotzeko arazo ugari izan zituen, eta atzo zendu zen, Atenasko bere etxean, 96 urterekin.

Theodorakisek bere kasa ikasi zuen konposatzen, bere herriko musika entzunez, eta 17 urte besterik ez zuela lehenengo kontzertua eman zuen. Bigarren Mundu Gerra piztu zenean, erresistentzian militatzen hasi zen, lehendabizi Italia faxistaren kontra eta ondoren Alemania naziaren aurka. Orduan atxilotu eta torturatu zuten aurrenekoz, judu familia batzuei ihes egiten laguntzeagatik. Gerra bukatu ostean, Grezian piztutako gerra zibilean komunisten aldean borrokatu zen, eta horren ondorioz ere atxilotu eta deportatu egin zuten Makronisosko uharte-espetxera.

Theodorakisen lana Greziari erabat lotuta egon zen, aldez edo moldez, bizitza osoan. Parisen ikasketak egin eta hainbat lan sortu ondoren, bere herrialdearen tradizioan arakatzen hasi eta hainbat sinfonia eta pieza konposatu zituen herri musika oinarri hartuta. Hain zuzen ere, garai horretan herrialde osoa zeharkatzen hasi zen, bai herri musikan barneratzeko asmoz, bai musika hori bera publiko garaikideari ezagutarazteko helburu garbiarekin.

1963an, diputatu aukeratu zuten, eta urtebete geroago iritsi zitzaion nazioarteko ospea, Alexis Zorba-ri esker. Handik lau urtera, ordea, militarrak agintera iritsi ziren Grezian, eta Theodorakis atxilotzeaz gain, haren musika debekatu zuten. Ondoren, erbestetik segitu zuen diktaduraren kontrako abestiak, soinu bandak —Z (1969), État de siège (1972),Serpico (1973)— eta sinfoniak idazten.

Bere ibilbide oparoan, milatik gora lan sinatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.