HIZPIDEAK

Nahi badute, ahal badute

Iñigo Errejon, Iruñean, duela astebete.
Iñigo Errejon, Iruñean, duela astebete. VILLAR LOPEZ / EFE

Jakes Goikoetxea -

2015eko otsailak 15
Podemos ari da egituratzen. Herri mugimendutik alderdi politikorako metamorfosia egiten. Orain arte Pablo Iglesias, Iñigo Errejon eta Juan Carlos Monedero eta haiek esandakoak izan dira alderdiaren erreferentzia nagusiak, baita Hego Euskal Herrian ere. Baina bada garaia Madrilen esandakoetatik harago ideiak eta proposamenak tokian tokira egokitzeko. Eta orain artean Podemos Ahal Dugu-ren behin-behineko bozeramaileek beren diskurtsoa Euskal Herriko errealitate soziopolitikora egokitzeko egin dituzten ahaleginak etsigarriak izan dira. Ia-ia zuzenketak egin behar izan dituzte hitz egin duten bakoitzean.

Herritarrek aukeratu dituzte Podemos Ahal Dugu-ren buruzagiak: Roberto Uriarte EAEn eta Laura Perez Nafarroan. Nafarroako emaitza itxaropentsua da, Perezek esan baitu euskararen normalizazioan «urrats sendoak» ematearen aldekoa dela eta Nafarroan aldaketaren giltza Bilduren eskuetan balego «herritarrei eta Podemoseko kideei» entzungo liekeela. Baztertu egin du UPNrekin eta PSNrekin itunik egitea.

Aldaketaren giltza, baina, Podemos Ahal Dugu-ren eskuetan egon daiteke. Orduan ikusi beharko da zer egiten duen eta ea erabakitzeko askatasuna daukan, Podemosen araudiaren arabera zenbait hitzarmen estatuko batzarraren esku gera baitaitezke. «Naturaren kontrako itunen kasuan», Perezen ustez. Orduan erakutsi beharko dute Podemosek eta Ahal Dugu-k beren benetako izaera, PSNrekin gertatua ez errepikatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna