Pilota. Lau t'erdiko txapelketako finala

«San Mamesen beste modu batera bizi da futbola»

JON URBE / ARGAZKI PRESS

I. Magro Eizmendi -

2016ko azaroak 23
20 urte ditu, bada, Altuna III.ak. Bizitzako gauza gehienetan hasiberria da, baina ondo erantzuten du zirikatzen saiatzen zaizkionean.

Fernando Amezketarraren finala omen da hau.

Bai. Ahaztuta nengoen, baina kuadrillako batek Wikipediako argazkia bidali dit gaur, eta, bai, Bengoetxea Altuna ziren haren abizenak. Zer edo zer jakingo zuen hark finalaz.

Amezketako jendeak grazia berezia duela esan ohi da. Hala da?

Hemen, ez naiz inoiz sentitu berezia. Badaude xelebreak, baina behera jaitsi izan naizenean, Alegiara, edo Tolosara, hori esaten dute amezketarren inguruan. Eta nik umetan pentsatzen nuen: «Ze demontre egingo zuen jendeak hemengoek hori pentsatzeko?»

Bertso eta txiste kontuan zer moduz moldatzen zara?

Bertsotan, ez. Txisteak, txarrak. Nahiko umoreko pertsona naiz.

Kuadrillakoren batek paga eskatu beharko zuen etxean finaleko sarrerak ordaintzeko.

Egia esan, dezente pentsatzen dut horretan, eta saiatzen naiz eskertzen, tragoren bat ordaindu, edo gonbidatuz. Niregatik diru asko uzten ari dira azkenaldian, eta oso eskertua natzaie. Nik badakit ikasten ari den batek ez darabilela lanean ari denak adina diru, eta gurasoenekin ari dela. Eta, bai, pentsatzen dut horretan.

Zure adinarekin, 19-20 urte, jendeak parranda izaten du buruan.

Uneak daude. Pilotak beste kirol batzuekin alderatuta, irteteko tarte handiagoa ematen dizu; baina, nik, bolada luze batean ez dut izan parrandan ibiltzeko denborarik edo gogorik. Ni, 16-17 urterekin, parrandazalea izan naiz, gustatzen zait jendea ezagutzea; baina, azkenean, jakin behar duzu nondik jaten duzun, zeri ematen diozun garrantzia, eta, oraintxe, ez dut dudarik.

Gazte bizitzako zerbait galtzen ari zenaren ez al duzu uste?

Batere ez. Iruditzen zait ez zaidala ezer falta. Txikitatik egin dut borroka pilotari izateko, eta, orain, pilotari izanda, ez dut pentsatuko zenbat gau galtzen ari naizen. Ahal denean irten, eta kito.

Kuadrillakoak kaleko edanean eta zu pilotalekuan. Ibili al zara kaleko edanean noizbait?

Ez. Noizbait, lagunak hasi direnean, esan izan diet: «Zer ari gara egiten hemen? Amezketakoak garela! Tragoa hartzera, goazen tabernara».

Afari handia antolatu duzue.

Guztira, 170 sartzen dira Zalbide sagardotegian. Afariaren ondoren jendea herrira jaitsiko dela uste dut, eta giro ona egongo da.

Menua?

Entsalada, bakailao tortilla eta saiheski errea.

35 urteko pilotari baten menua da hori. Zurean, pizza eta kebaba. Probatu al duzu Kebaba?

Inoiz ez. McDonalds-a zapaldu dugu noizbait, baina kebaba ez.

Bengoetxeak dio oraingo pilotariak txintxoagoak zaretela.

Igual bai, ni lehengoak ez ditut ezagutzen. Pilotariak orain dezente zaintzen dira.

Zaletasun berezirik?

Plan polita, niretzat, lagunekin afaltzea da, trago bat hartu eta etxera. Edo bikotekidearekin plan polit bat antolatu...

Edo San Mamesera joan.

Baita hori ere. Berrian hirutan egon naiz, eta plazer bat da.

Athleticzalea Amezketan.

Txikitatik partida pila bat ikusi nuen eta hortik datorkit miresmena. Realzale guztiei esaten diet, harrotasunik gabe, han egoten den giroa bizitzekoa dela. Ni athleticzalea naiz, Realaren aurkakoa ez, hori garbi daukat, eta han beste modu batera bizi da futbola.

Bengoetxea eta zu elkarrekin joan zaitezkete.

Egia. Gustura, gainera.

Garai batean, pilotari gazteak ia isilik egoten ziren aldagelan. Zu hala egon al zinen debutean?

Astelenan zapaldu nuen aldagela lehenbizikoz, eta han zeuden Irujo, Titin... Haiek ikusten nituen alboan, eta pentsatzen nuen: «begira zeinekin nagoen». Nik beteranoak miresten ditut.

Aldagelan, sentitu al duzu noizbait errespetu berezirik?

Ondo tratatu izan naute. Behin hartu nuen sustoa, afizionatu mailan, Tolosan, Mikel Goñirekin. Txuleta festa zen, guk partida jokatu, eta aldagelan geunden, isilik. Mikelek galdu egin zuen gero, eta haserre sartu zen aldagelan. Nik poltsa hartu, eta «baniak hemendik», pentsatu nuen. Bat-batean, eserleku bat airean bota zuen, eta nire burura zetorrela gelditu nuen. Ikaratuta irten nintzen pilotalekutik. Hura sustoa!

Zuk hautsi al duzu noizbait eserlekuren bat?

Ez, sekula.

Titinek, Lasa III.ak... bai.

Baita Irujok ere. Denok gara detaile itsusiak izandakoak, eta ni ere bai. Baina lekuz kanpo ere badago detaile hoiengatik kritikekin urrunegi joatea. Irujorekin pasatu izan da.

Kolpetik ezagun bilakatu zara. Nabaritu duzu?

Bai. Jende sanoa dagoenean, edo pilota maite duela ikusten duzunean, ikaragarri gustura hitz egiten dut haiekin. Baina beste aldekoak ere badaude. Ez dakit zenbat denboran behin, irten gauean, eta bateren bat etortzen zaizu. «Hi ze ari haiz hemen», kargu hartzen. Denok dugu eskubidea, eta ez diozu erantzuten, baina ez da batere atsegina.

Iritziei buruz ari zarela. Hedabideek diotena eragiten al dizu?

Ez dit eragiten; nik ere nire iritzia dut. Denok gaude pilota inguruan, eta zuek eta guk hobekien moldatzea komeni dela.

Eta jendearenak?

Ez, egia esan. Eta horren inguruan nire etxean dezentetan aritu naiz hizketan. Nire arreba, edo ama... pilotalekuan daudenean eta, ni galtzen, komentarioak eta entzun behar izan dituzte. Ez dute ezer esaten, baina eragiten die. Nik hori asimilatua dut, eta ohitu naiz, une onak egongo dira, txarrak...

Mundu guztiak daki honezkero etxean piano irakaslea duzula. Zuk ba al dakizu jotzen?

Ez. Solfeoa ikasi nuen amarekin, baina hainbeste piano entzun nuen txikitan, aspertu egin nintzen. Ama eta arreba beti pianoa jotzen ibiltzen ziren; azkenerako, utzi egin nuen, eta pilotan bakarrik.

Musikari buruz hitz egiten hasita. Zer entzuten duzu?

Era guztietakoa, duela hamar urtekoa. Amari Bruce Springsteen gustatu izan zaio, eta niri ere bai. Haren kontzertu batera gustura joango nintzateke. Etxean musika asko entzun dugu. Coldplay ere bai, Moby...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna