Ainhoa Oiartzabal Azketa.
HIZPIDEAK

Politikaren herria

2017ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Urte erdi. Sei hilabete. Ehun eta laurogei egun, eta gau. Denbora objektibo hori daramate preso hiru gaztek Madrilgo espetxe batean. Adur, Jokin eta Oihan izena dute, baina izan zitzaketen beste izen batzuk, 2016ko urriaren 15eko gauean Altsasuko Koxka tabernan zeuden beste batzuenak igual. Edo ez. Baina betekizun bat baitzen ezinbestean bete beharrekoa: altsasuarra izatea.

Altsasu izan baita taberna giroko liskar batterrorismo ekintza bat dela esateko aukeraturiko herria. Euskal Herriko herri bat, nafarra zehazki, eta Sakanakoa, gainera. Ez zuten kasualitatez mendiaren berdeaz inguraturiko tamaina ez oso handiko herri plurala eta nahikoa euskalduna aukeratu; liskarraren eta zatiketaren sinbolo gisa, ongi ematen zuen Espainiako hedabideetan.

Dagoeneko joan dira kamerak eta mikrofonoak Altsasutik. Zukutu dute haren etekin politikoa Espainiako Kongresuko zein Nafarroako Parlamentuko eztabaidetan. Baina hiru gaztek espetxean jarraitzen dute, eta hamaikak, auzipetuta. Eta, oraindik, ez dakite beren auzia edo Madrilen edo Iruñean ebatziko duten. Urte erdi, sei hilabete, 180 egun igaro diren arren, gauzek hasieran bezalatsu jarraitzen dute gazteentzat: ziurgabetasun betean.

Baina minetik atera dute ezer onik Altsasun. Elkartu egin baitira, batu, eta lortu dute ideologia oso diferenteetako herritarrak oinarrizko giza eskubideen alde bat etortzea. «Ari gara egiten politika zentzu zabal eta sakonean», uste du altsasuar horietako batek. «Zoritxarrez, zuen lepotik, baina lortu dugu aktibazio politikoa», esan dio kartzelan dagoen semeari haren amak. Hala, zatiketaren eta liskarraren sinboloa bainoago, batasunaren eta politika onaren sinbolo izateko bidean da Altsasu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.