inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Neurritasuna

2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Amesgaiztoa okertu besterik ez da egin Altsasuko gazteentzat. Behin eta berriz ohartarazten ari ziren euren senide eta abokatuak beldur zirela Espainiako Auzitegi Nazionaletik etor zitekeen epaiarekin, eta hipotesirik txarrena bete da. Hamahiru urte bitarteko zigor gogorrak jarri dizkiete epaileek, nahiz eta aitortu terrorismo deliturik ez dela izan. Kontsolamendu ederra. Izan ere, terrorismo delituengatik epaitu eta zigortutako askori baino zigor gogorragoa ezarri diete Altsasukoei, herriko taberna batean guardia zibil batzuekin izandako liskar batengatik.

Konparazio batera, Jose Barrionuevo eta Rafael Vera PSOEko Barne ministro eta estatu idazkari ohiei hamarna urteko zigorra ezarri zieten Segundo Mareyren bahiketagatik. Zigorra betetzen hasi eta berehala, gainera, Espainiako Gobernuaren indultua iritsi zitzaien, eta laster irten ziren kalera, Julian Sancristobal, Francisco Alvarez, Miguel Planchuelo eta Ricardo Danborenea GALen bahiketa hartako gainerako zigortuekin batera. Adibide bat da, Espainiako epaitegientzat neurritasun printzipioa zer den argi azaltzen duena.

Aldaketa politikoa gertatu da Espainiako Gobernuan. Billy el Niño polizia torturatzaileari merituaren domina kendu nahi ez zion gobernua bidali dute etxera. Pedro Sanchezek agindu du «aro berri bat» hasiko dela. Badu nondik ekin: indulta ditzake Altsasuko gazteak, behinola gobernuak GALeko buruzagiekin egin zuen moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.