Durangoko 55. Azoka

Babes eskaria komunitateari

Durangoko Azokak euskal kulturan duen zentraltasuna gogoratu, eta liburuak, diskoak eta bestelakoak denda digitalean erosteko deia egin diete herritarrei irekiera ekitaldi ofizialean.

Bagara dantza taldeko kideak, atzo, Durangoko Azoka irekitzeko Landako gunean egindako ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Durango
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
«Guztira, 55 urte daramatzagu Azoka antolatzen, baina aurtengo hau guztiz desberdina da, eta itzelezko erronka izaten ari da». Aitortza hori egin zuen atzo Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak 55. Durangoko Azokaren irekiera ekitaldi ofizialean. Bidean izan dituzten zailtasunak izan zituen ahotan, eta onartu zituen lehen egunean bertan webgunearekin izandako arazoak ere, baina argi izpi batekin bukatu nahi izan zuen bere hitzaldia. «Guztion artean egoera ilun honi kolore printzak aterako dizkiogulakoan nago».

Aurtengoa urte «berezia» izango dela onartu zuen Mujikak, baina Durangoko Azokak aurrez ere zailtasunak izan dituela gogoratu zuen, eta hainbat urtez laguntzaile izan dituzten eta aurten hil diren hiru pertsona ere izan zituen gogoan: Valentin Lasuen Gerediaga elkarteko lehen lehendakaria, Jose Mari Uriarte elkartearen laguntzailea, eta Joan Mari Torrealdai Jakin aldizkariko zuzendari eta ikertzailea. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuak, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendariak eta Ima Garrastatxu Durangoko alkateak ere hartu zuten hitza saioan, eta, hirurek nabarmendu zuten azokaren garrantzia. Horrez gainera, ekitaldirako propio sortutako lan bana eskaini zuten Kirmen Uribe idazleak, Eñaut Elorrieta musikariak eta Bagara dantza taldeak.

«Euskaraz idaztean, pribilegiatua sentitzen naiz komunitate baten parte izateagatik». Zupiriak bere egin zituen Joseba Sarrionandia idazleak aste honetan bertan Gauzak direna balira liburuaren aurkezpenean esandako hitzak. Euskarazko kultura jasotzean berak ere pribilegio hori sentitzen zuela esan zuen, haren hitzetan hori ere badelako hizkuntzaren inguruan osatutako komunitate horren parte sentitzeko modu bat. Hain zuzen ere, sailburuak Durangoko Azoka kokatu zuen komunitate horren erdigunean. «Aurten, inoiz baino gehiago, kultura oparitzea tokatzen da, eta Durangoko Azoka da gure komunitateak horretarako duen gune nagusi eta preziatuena».

Bizkaiko Foru Aldundiak Gerediaga elkarteari lehen bilkuretatik azaldu zion babesa izan zuen gogoan Arauzok, eta erosketak Durangoko Azokaren denda digitalean egiteko deia egin zien herritarrei. «Herritarron esku dago egoera estu honetan ere kulturari hauspoa ematea: kontsumitu kultura». Durangoko alkateak datorren urtean berriz ere bertatik bertara bisitatzeko moduko azoka bat egiteko esperantza azaldu zuen, «egoerak horretarako aukera ematen badu».

Milaka urteko arnasa luzea

New Yorketik bideo bidez helarazi zuen bere mezua Kirmen Uribe idazleak ekitaldira, eta euskarazko sorkuntzak mendez mende eta tantaz tanta utzitako arrastoa izan zuen gogoan. Erromatar garaiko hilarrietan inskribatutako hitz solteekin hasi eta pandemia betean egindako Durangoko Azoka digitaleraino. Gogoan izan zituen, besteak beste, Joan Perez Lazarragaren eskuizkribuek ilunpetan emandako ia bost mendeak, Luis Luziano Bonaparte ikertzaileak Nafarroan aditutako erronkarieraren hotsak, euskaraz aritzeagatik frankismo garaian ezartzen ziren zigorrak, Burgosko Prozesu betean euskaraz esandako hitzak, Egunkaria-ren itxiera, eta baita mendez mende han-hemenka euskararekin lotutako beste hamaika arrasto eta bizipen ere. «Egoerarik zailenetan eutsi diogu euskaldunok, milaka urteetako arnasa luzean. Belaunaldiz belaunaldi utzi dugu hitzen bat arrastoan; arrastoari beste norbaitek eman dio beti segida. Aurten pandemiak itxi dizkigu Durangoko ateak, baina barruko ateak, horiek beti ditugu zabalik».

Eñaut Elorrieta musikariak, bere emanaldian, esker ona adierazi zien azoka posible egiten duten guztiei. Bi abesti jo zituen, eta transformazio une betean deskribatu zuen egungo errealitatea. «Egoera honek ispilu baten aurrean jarri gaitu, bai indibidualki, baita kolektiboki ere». Bagara taldeko hiru dantzariek emanaldirako propio sortutako pieza bat eskaini zieten ekitaldia ikustera joandako ia 50 ikusleei, eta kulturaren garrantziari buruzko gogoetak biltzen zituen grabazio bat izan zuten dantzan hasteko abiapuntua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.