Athleticek 0-1 irabazi du Albaceten, eta tinko eusten dio laugarren postuari

Nereak Nevadok sartu du partidako gol bakarra, zelaira irten eta berehala. Talde zuri-gorriak lau puntura du bosgarren sailkatua

Athleticeko jokalariak, gola ospatzen, atzo, Albaceten. ATHLETIC.
Julen Etxeberria.
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Athleticek beste urrats bat egin du liga laugarren postuan amaitzeko. Talde zuri-gorriak 0-1 irabazi zuen atzo Albaceten (Espainia), eta, horri esker, lau puntura du orain bosgarren sailkatua. Betis dago toki horretan, Granadillarekin berdinduta. Betisek bana berdindu zuen atzo etxean Sevillaren aurka. Granadillak, berriz, Madrili egingo dio bisita gaur. Hiru jardunaldi besterik ez da falta liga amaitzeko.

Nerea Nevadok sartutako gol batek eman zion garaipena Athletici Albaceten. Nekez ahaztuko du 17 urteko aurrelari santurtziarrak. Bigarren partida zuen lehen taldearekin, eta gola sartu zuen, gol erabakigarria. Gainera, zelaira irten eta berehala lortu zuen. Izan ere, Joseba Agirrek 70. minutuan zelairatu zuen, Ane Azkona ordezkatuta. Bada, zelaira irten eta lau minutura sartu zuen gola Nereak, aldaratze bat aprobetxatuta. Albacetek estutu egin zuen gero, baina alferrik, ez zuen golik sartu.

Realak Valentzia hartuko du

Realak ere laugarren postua dauka jomugan, eta lehia horretan bete-betean jarraitzeko, derrigor irabazi behar dio gaur Valentziari, Zubietan (11:30). Neurketa bihurria da, txuri-urdinen atzetik dagoen lehen taldea baita Valentzia, hiru puntura. Etxekoek oso oroitzapen ona dute sasoi honetan elkarren aurka jokatutako lehiaz, 0-4 nagusitu baitziren. Nahikarik hiru gol sartu zituen neurketa horretan, baina aurrelaria ez da gaur ariko, oraindik ez baita osatu.

Bestalde, Osasunak eta Alavesek Sadarren jokatuko dute gaur (12:00). Biak ari dira lehian maila nagusira igotzeko. Arabarrak lehenak dira sailkapenean, eta nafarrak bigarren, bi puntura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.