ander perez zala
Erresuma Batua. Boris Johnsonen dimisioa. ANALISIA

Toryak 'brexit' osteko garaian

2022ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Hilabeteak ziren Boris Johnson politikoki kondenatuta zegoela. Zehazki, Erresuma Batuko hedabideek argitara atera zutenetik zenbait festa antolatu zituztela Downing Streeteko 10.ean, pandemiako neurririk murriztaileenak indarrean zeudela. Baina politika politika da, eta hilabete zail horietako higadurak bere gain hartu behar zituen norbaitek: Alderdi Kontserbadoreak erabaki zuen hori lehen ministroak egin behar zuela, eta, beraz, agintean pixka bat gehiago iraungo zuela.

Hori adostuta, toryek aitzakia sendo bat behar zuten asteotan hura kargutik botatzeko, eta, egiari zor, Johnsonek lana nabarmen erraztu die alderdikideei. Polemikak ugaritu egin dira azken hilabeteotan, baina, azkenean, kontserbadoreek iragan ekainaren 23an bi hautesbarrutitako bozetan galdu izanak eragin du agintari toryaren lasterketa politikoa hondoratzea.

Jada jarduneko lehen ministroa denaren agintaldia, bi urte eta erdi ingurukoa, kontserbadoreek 2019ko bozetan erabili zuten leloarekin laburbildu daiteke: Get brexit done (buka dezagun brexit-a). Finean, Johnson Erresuma Batuaren irteera gauzatzeko gobernuburua izan baita; beste askorik ez. Eta hori ere ez du ongi egin, Ipar Irlandarako Protokoloaren inguruan hamaika eztabaida sortu baititu —interes pertsonalengatik eta politikoengatik—, Londresen eta Bruselaren artean dena adostuta zegoen arren.

Orain, toryek, besteak beste, erabaki beharko dute zer egin auzi horrekin; printzipioz, atzoko dimisioak berekin ekarri baitu brexit-aren garaiaren amaiera—bidean, David Cameronek eta Theresa Mayk ere utzi behar izan dute lehen ministro kargua—, eta, beraz, atal hori behin betiko bukatzea.

Egungo elementuak eta izaera kontuan harturik, kontserbadoreak ez dira erabat eroso egongo egoera horretan, eta 2016ko erreferendumetik hona behin eta berriz egin dutena egin beharko dute: beren burua eraldatu. Badute esperientzia horretan, eta horregatik dira Europako alderdirik arrakastatsuenetako bat.

Datorren buruzagiak argi definitu beharko du zer-nolako ideologia eta ikuspegia izango dituzten kontserbadoreek, Erresuma Batuak —beste herrialdeek bezala— garai zailei egin beharko baitie aurre, batez ere aurtengo udazkenean eta neguan.

Toryen barne eztabaidez harago, egunotako gertakariek agerian utzi dute Erresuma Batua etenik gabeko krisi politikoetan dagoela murgilduta Europako Batasunetik ateratzeko prozesua abiatu zuenetik, eta horiek ez direla amaituko behin Johnson joanda.

Kontserbadoreen hurrengo buruzagiak egoera oso ezegonkorrean hartuko baitu lehen ministroaren kargua: Erresuma Batuko inflazioa %11ra iristear da, egunerokoa garestitzen ari da, eta hilabeteak dira Alderdi Laborista toryen aurretik dagoela inkestetan. Europan, gainera, gerra bat dago, luze iraun dezakeena.

Eta Johnsonen aroak erakutsi duenez, Komunen Ganberan gehiengo osoa izateak ez du zertan egonkortasuna bermatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.