Ion Orzaiz.
ANALISIA

Pribilegioak, denon lepotik

2016ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Iragan ostegunean onartu zituen Nafarroako Legebiltzarrak 2016ko aurrekontuak, eta, berrikuntza nabarmenik ezean —ezen «trantsiziozkotzat» jo baitituzte kontuok gobernuko alderdiek berek—, dagoeneko paperetan azaltzen ez den diru sail batek bereganatu du hedabideen arreta; Nafarroako Unibertsitate Klinikari zegokiona, alegia.

Aurrekontuak onartu izanak ofizial bihurtu du pribilegiozko hitzarmen horren etetea. Hortaz, Opuseko unibertsitatean eta haren menpeko enpresetan lan egiten dutenek —7.000 lagun inguru— Osasunbidean jasoko dute arreta aurrerantzean. Hau da, Nafarroako Gobernuak ez die Opuseko langileei aseguru pribatua ordainduko, herritar guztiei ematen zaien osasun arreta berbera jasoko baitute.

Horrek sutan jarri du Opusen hierarkia osoa, eta baita UPN eta PPko ordezkariak ere —lausoak dira multzo baten eta bestearen arteko mugak—. Nafarroako establishment-aren ohiko bozgorailu mediatikoak lagun, erabakia «sektarioa» dela eta «oinarri ideologikoa» duela esan dute behin eta berriro —azken hori bekatua balitz bezala—. Gutxiengo baten pribilegioak justifikatzea, ordea, ez da lan makala, eta gizarteak errazago irents ditzakeen argudioak erabili behar izan ditu eskuin ultrakatolikoak.

Orain arteko ituna gutxi batzuentzat ez baizik «nafar guztientzat onuragarria» dela dio Opuseko unibertsitateak. Zergatik? Ustez, administrazioarentzat «merkeagoa» delako urtean 5,1 milioi euroko laguntza klinika pribatu bati ematea, pertsona horiek sare publikoan artatzea baino. Unibertsitateak berak eginiko kalkulu horien arabera, 1.200 euroren batez besteko kostua du Osasunbideko gaixo bakoitzak; unibertsitate klinikan artatzen zuten pertsona bakoitzarengatik, berriz, 724 euro ordaintzen zituen gobernuak. Egia balitz, negozio borobila egin zuen gobernuak, Opusekin hitzarmena sinatuta. Egia balitz. Errealitatea, izatez, oso bestelakoa baita: osasun sistema publikoaren gastuak ez dira gaixoen arretara mugatzen; aitzitik, askoz zerbitzu gehiago biltzen dituzte: ikerketa, zaintza epidemiologikoa eta sendagaiak, besteak beste. Ezin da, beraz, osasun sare publikoaren gastua aseguru pribatu batekin alderatu.

Bestelako argudio batzuk ere erabili ditu Nafarroako Unibertsitateak, ordea. Gobernutik jasotzen zuena baino «askoz gehiago» gastatzen duela errepikatu du azken egunetan. Alegia: 7.000 langile horiei arreta eskaini dien bitartean dirua galdu duela. Nafarroa Garaiko enpresarik handienetan bigarrenak, antza, ez du irabazi ekonomikorik bilatzen. Filantropia hutsez egiten dute lan. Josemaria Escriba de Balaguerrek Nafarroari zion «maitasunagatik». Halako diskurtso hanpatuek, ordea, gutxi dute berritik.

1963. eta 1967. urteen artean, Iruñeko Udalak 300.000 metro koadroko lursailak oparitu zizkion Opus Deiri, antzeko arrazoiak erabilita; Medikuntza eta Farmazia Fakultatea ere Nafarroako Diputazioak ordaindu zuen oso-osorik; eta 1973an, Espainiako Gobernuak —Carrero Blanco presidente zela— hainbat lur desjabetu zituen, Nafarroako Unibertsitateari emateko. Opusek sustatutako proiektuaren «interes soziala» nabarmentzen zuten garai hartako agintariek itun horiek justifikatzeko. Nafarroako Unibertsitate Klinika «irabazi asmorik gabeko entitate bat» dela esan zuen erakunde horretako komunikazio arduradun Jesus Zorrillak 2010ean.

Azken mende erdian, ordea, argi gelditu da administrazioek Opusekin sinatutako itunek nori egin dioten mesede. Eta nori ez. Nor aberastu den, eta nork ordaindu behar izan dituen gutxi batzuen pribilegioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.