Aritz Galarraga.
EKOGRAFIAK

Ahal izan duguna

2016ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Askotan esan dizuegu, baina ez da ezer pasako beste behin errepikatuta: maitasun ariketa gisa ulertzen dugu tarte honetan kritika. Esan nahi dutez dela suntsipen handiko arma: gauza batenganako interesik ez bagenu, edo erabat emango bagenu galdutzat, alferrik ariko ginateke hemen hartaz, denbora galtzen. Bereziki izan dugu jomugan ETB. Euskal (Erdiko) Telebista. Publikoa. Berezikiago ETB1, euskarazkoa. Ezen, susmoa baitugu guk ez badugu egiten beste inork nekez egingo duela —eta ez ikusi hitzotan harrokeria, ez bada etsipen puntua—. Baina ez da fijazioa, ez eta herra berezia diogula. Gauza da gurea dela, kontxo, gurerik bada. Eta konturatzen naiz ekite hori izan dela beste batzuen kaltean —zer gutxi idatzi dudan aurten Haimakaz, adibidez, edo Lekunberri Telebistaz—.

Dena den, egoera iristen ari da maila jasangaitz batera. Gero eta zailagoa egiten zait, telebista piztu, eta ETB jartzea. Jada ez da bakarrik hona ekarri izan duguna: ETB1eko telesailen egoera, ekainaren 26ko hauteskunde gauaren jarraipena, Gu ta gutarrak-en 5. edizioko final handia, Nizako hilketak eta Turkiako estatu kolpe saiakera gertatu ondorenean ohiko programazioari eustea, Gutariko bat -gaur estreinatuko dute-. Denak, hilabeteko tartean. Hainbat kate autonomikok elkarlanean egiten dute Objetivo Chimborazo bezalako izugarrikeria bat —eta ze esanguratsua den Kataluniako telebista publikoak ez parte hartu izana—. Edo Palaciosek azken zutabean aletutako 60 minutos a solas —ez, lasai, Julian Iantzirekin ez da, behintzat—. Edo azkenaldian ETB1ek estreinatutakoak; zeinak ikusteko denborarik eta, zertarako gezurrik esan, gogorik izan ez dudan: Nor Bere Saltsan edo Baserri eta Txankarra. Ez aipatzeagatik kirolen telebista —larunbatean, bost ordu jarraian, eta gero, guey, rantxerak—. Zer esanik ez eguraldia, kirolaz aparte, ETB1eko emanaldi ikusiena. Albistegiak, ETBko audientziari eusten dioten albistegiak: noiz ez diren propaganda instituzionala —EAE munduko 8. herrialdea ekonomian, EAE birziklapenean txapeldun Europan, eta dena horrela—. Hau da uzten dizuegun Euskal Telebista. Audientzia pauperrimoak itota dabilena. «Periodiko hori», BERRIAgatik, «itxiko balute ere, niri berdin» dioena. Telecincotze prozesu azkar bat bizi duena. Guk ahal izan duguna egin dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.